Bihar, greba orokorra Lezon
Goizean informazio piketeak izango dira, eta eguerdiko Donostiako manifestaziora joateko nahiz arratsaldean Errenteria-Oreretan egingo denera abiatzeko zutabeak aterako dira herritik.
Euskal Herriko sindikatuen gehiengoak eta etxebizitza arloari lotutako sindikatuek greba orokor deialdia egin dute biharko Hego Euskal Herrian. Horren harira Lezon ere izango dira mobilizazioak. Etxebizitza eskubidea bermatzea eskatzeko eta espekulazioari aurre egiteko borroka eguna izango da biharkoa.
Hasteko eta behin, eskualdeko auto karabana egingo dute 07:00etan Lezo Institutuko aparkalekutik hasita. Gainera, goizean zehar informazio piketeak izango dira herrian.
09:30ean, Gurutze Santuaren plazatik, 12:00etan Donostian egitekoa den herrialdeko manifestaziora joateko martxa abiatuko da. Arratsaldean ere zutabea aterako da Lezoko plazatik 17:00etan, baina kasu honetan Errenteria-Oreretako Herriko Plazan hasiko den eskualdeko manifestaziora joateko (18:00etan abiatuko da).
