Gabonetan, eskubaloiaz gozatzeko aukera
Ereintzak eta Munttarpek Gabonetako Eskubaloi Kanpusa antolatu dute, 2013 eta 2018 urteen artean jaiotako gazteei begirakoa. Abenduaren 1a da izena emateko azken eguna.
Beste urte batez, hemen da Ereintza eta Munttarpe eskubaloi taldeek elkarlanean antolatzen duten Gabonetako Eskubaloi Kanpusa. Eskubaloia ardatz duten saioak 2013 eta 2018 urteen artean jaiotako gazteei begirakoak dira, eta aurtengo campusak bost egun izango ditu, den-denak Eguberrietako oporraldian: abenduaren 22an, 23an, 28an, 29an eta 30ean. Entrenamenduak Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegian eta Lezoko Bekoerrota kiroldegian izango dira, 09:30etik 13:30era bitartean, baina Galtzarabordako kiroldegia izango da elkartze puntua.
Campusean parte hartzeko prezio orokorra 100 eurokoa da, eta bigarren senideak 85 euro ordainduko ditu. Ereintzako eta Munttarpeko bazkide diren kideek, aldiz, hobariak izango dituzte. Bazkideen prezio orokorra 90 eurokoa da, eta bigarren senidearen izen emateak 75 euroko kostua izango du. Izen emateak irekita daude jada, eta abenduaren 1a izango da campusera batu ahal izateko azken eguna. Izen emateak galdetegi bidez egin behar dira.
Informazio gehiagorako campusaren helbide elektronikoa jarri dute interesdunen eskura.
