Hibaika Eguna, etorkizunari aitortza egiteko
Hibaika Egunak aitortza egingo dio etorkizuna bermatzeko nahitaezkoa duen harrobiari, eta herriarekin sareak josten jarraitzeko abagunea ere izango da. Bihar dute egun handia.
Lehenengo Hibaika Eguneko bazkaria, Merkatuzarren, 2024an.Urko Etxebeste Petrirena Neguaren gordinean Hibaika Arraun Elkartearen koloreak eta izena han-hemenka zabaltzen ditu harrobiak. Entrenamendu lanetan buru-belarri ari dira arraun elkartearen behe kategoriak irailaz geroztik, urtarrilean hasiko den Gipuzkoako Batel Ligan duten onena emateko. Horien ondoren helduko da trainerillen aroa, eta urtarriletik maiatzera ariko dira lehian. Harrobiak egiten duen lanari hauspoa eman eta aitortza egitera dator Hibaika Eguna. Bihar, larunbata, izango du klubak harrobiari aitortza egiteko egun handia, bigarrena —2024an egin zuten estreinakoz— eta aldi honetan ere arrakastatsua izango dela aurreikusi dute klubeko arduradunek.
Harrobia ezinbestekoa da, edozein kirol elkarteren etorkizuna eta bermea baita, eta aitortza hori ospakizun bidez egin nahi dute. Haragoko asmoa du, baina, Hibaika Egunak, erantsitako helburu bat: herria egitea. Asko eta asko dira elkartearen arraunlariak animatu eta babesten dituzten herrikideak, batez ere traineru garaian; hitzordu handietan ez du hutsik egiten marea beltzak eta haiei aitortza egiteko ere baliatuko dute eguna, baita herritar gehiago arraun mundura gerturatzera animatzeko ere.
«Biharkoa elkartearen egun handienetako bat izango da. Izan ere, bazkide, zale, staff tekniko, zuzendaritza, eta oro har kluba osatzen dugun guztiok bat egingo dugu mimo handiz antolatu dugun egun honetan», adierazi du zuzendaritzak.
Erakustaldia, aurkezpena eta bazkaria
Biharko protagonista nagusiak Hibaikaren harrobia osatzen duten Kimu, Haur, Kadete eta Gazte Mailetako arraunlariak izango dira, eta pasioz bizi duten kirola: arrauna. Egun osokoa izango da jardunaldia, eta Hibaika Arraun Elkarteko beteranoek hasiko dute egitaraua; arraun erakustaldia egingo dute Oiartzun ibaian. 11:00etan izango da hori. Ordubete geroago harrobiaren txanda helduko da, erakustaldia egingo dute horiek, «modu informalean egingo dute, adinaren araberako probak prestatuko ditugu ongi pasa dezaten elkarrekin harremanduz». Biharko saio horretan, beraz, haur eta gazteek ez dute sentituko liga barruko estropada jardunaldietan duten presiorik.
Kirol erakustaldiak bukatuta, aurkezpen ekitaldiaren txanda helduko da; etxean egingo dute hori, Iztieta-Ondartxon, klubaren egoitzan. 13:30ean hasiko da harrobiko arraunlarien aurkezpena, eta bertaratzera deitu ditu herritarrak Hibaikaren zuzendaritzak: «Banan-banan aurkeztuko ditu klubak guztiak, eta gogor entrenatzen jarraitzeko hauspoa emateko gerturatzera deitu nahi ditugu herrikide denak».
Horren ondotik bazkaria, Bixigarrik prestatutako menuarekin, 14:30ean hasita. Bazkaria ere, Hibaikaren lonjan musikatutako kafea barne. Bazkaria «aitzakia polita» izango dela sareak josten jarraitzeko diote klubetik: «Urtean zehar denak gaude hamaika proiektuetan sartuta, eta Hibaika Eguna patxada ederrean hizketan jarduteko eguna izango da». Ez badira denak agortu dagoeneko, Rosmi dendan eta Bixigarri Gastrotekan dira salgai bazkarirako txartelak 22 euroan; 18 urtetik beherakoentzat, 13 euroan.
Bazkideei deia ere Hibaika Arraun Elkarteak: «Hibaika Eguna gure esker ona bazkideei helarazteko modua ere bada. Jendartearen, masa sozialaren sustengu eta inplikaziorik gabe ezinezkoa litzaigukeelako gure lana egitea. Ezinbesteko konplize zaituztegu, eta gure ondoan behar zaituztegu denboraldi honetan ere».
1987ko uztailean sortu zuten Hibaika Arraun Elkartea, Errenteria-Oreretako Hibaika elkartean egindako hainbat bileraren ostean; herrian arraun talde bat nahi zuten. Hasiera apala izan zuen elkarteak. «Arraun egiteko gogoa zuten mutilekin eta batez ere ilusio handiarekin atera zuen elkarteak proiektua aurrera, dirurik gabe, entrenatzeko espazio egokirik gabe». Baldintza txarretan zegoen trainerua lortu, konpondu eta urte hartako udan bertan hasi ziren entrenamenduak egiten. 1989an zabaldu zuen elkarteak arraun eskola. Yon Iurrita izan zuen lehen presidente elkarteak.
Datorren urtean urteurren biribila izango du Hibaikak, sortu zuteneko berrogeigarrena.
