Sare sozial pribatuen jokoan etengabe erortzen
HITZAk eta Torrekuako eragileek hasitako elkarlanaren harira, TEKSeko Mattin Solis Uitzik sare sozialen gaineko azalpenak eman ditu.
Azken asteetako albistea izan da Meta (Facebook, Instagram eta Whatsappen atzean dagoen korporazioa) kondenatuta izan dela Mexiko Berrian, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), 25.000 milioi dolarreko isuna ordaintzera. Epaimahai batek frogatutzat eman du konpainiak bere erabiltzaileak engainatu zituela beren datuen pribatutasunaren harira. Kasu hau 2016etik dator. Izan ere, garai hartan, Cambridge Analytic-ak Facebook-eko kontuak zituzten milioika pertsonari buruzko informazioa lortu zuen euren baimenik gabe. Garai hartan, beraien asmoa Donald Trumpek hauteskundeak irabazten laguntzea zen, eta lortu zuten helburua.
Gaur egungo testuingurura etorrita, Lula da Silva Brasilgo presidentearen kanpainak ere salatu zuen Meta, adimen artifizialeko tresnen edo publizitate-zerbitzuen bidez mesede egin ziolako Flavio Bolsonaro ultraeskuindarrari, eta murriztu egin zuelako bere edukien irismena. Lulak kanpo eragin horiek saihestu eta hauteskundeak irabaztea lortu zuen.
Ez da berria kontua. Izan ere, Metak antzeko beste salaketa ugari jaso izan ditu, baita beste hainbeste epai ere. Udara honetan 17.000 milioi dolar inguru ordainduko zituztela iragarri zuten adingabeen eta sare sozialen auzibidearen harira ikerketa ekiditeko. AEBko 50 estatuetatik 29k adingabeei adikzioa eragitea leporatu zioten Metari. Horrekin lotuta, teknologia konpainiak AEBn zenbait neurri ezarriko dituela iragarri zuen, besteak beste: adingabeek haren sare sozialak erabiltzen eman dezaketen denbora bi ordura mugatzea; eskola orduetan jakinarazpenik ez jasotzea; gauerditik goizeko seiak arte sareetara sartzea eragoztea; eta adina egiaztatzeko mekanismoak indartzea.
Hainbat sare sozial kudeatzen dituen enpresa pribatu baten adibideak besterik ez dira horiek, baina berdin gertatzen da egunerokoan erabiltzen ditugun eta zerbitzu digital pribatuak kudeatzen dituzten beste enpresekin ere (Google, Microsoft edo Amazonekin adibidez). Euren eredu ekonomikoa dirua kosta ahala kosta lortzean datza, gehienetan, erabiltzaileen interes eta eskubideak zapalduz. Zigorrak etengabe jasotzeko prest daudela ikusi dugu Metaren kasuan, horregatik, agian, beste bide batzuk topatu beharko genituzke. Helburua, internet eta sare sozial bizigarriagoak sortzea izan beharko litzateke, adibidez. Bide horretan lanean dabiltza behintzat Fedibertsoan (fedibertsoa.eus).
