Indarkeria matxistaren kontra, egitarau zabala
Astearen barruan Nerea Barjola eta Cristina Fallarasen hitzaldia izango da Niessen Kulturgunean, hilaren 20an.
Kalea hartu dute indarkeria matxistari aurre egiteko. Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira, egitarau zabala ondu du udalak hainbat eragilerekin elkarlanean. Lehen hitzordua hilaren 19an izango da, osteguna, pankartagintza tailerra antolatu dute egun horretarako Emakumeen etxean, 18:00etan. Pankarta egiten ikasteko aukera izango da eta Azaroaren 25ari lotutako leloak eta irudiak erabiliko dituzte. Tailerra Emakumeen etxeko Txinparten Asanbladaren eta Oiartzo Ikastolako ikasle talde baten lankidetzaren ondorioa da. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.
Hitzaldi interesgarria, zalantzarik gabe, hilaren 20rako ondu dutena. Nerea Barjola Ramos ikertzailea, idazlea eta politologoa eta Cristina Fallaras Sanchez kazetari eta idazlea ariko dira hitzaldi horretan, Naia Torrealdai Mandalunizek gidatuta. Mugimendu feministak indarkeria matxisten kontakizunaren eta erreparazioaren ideiaren inguruan gaur egun dituen askotariko hausnarketak jorratuko dituzte. Niessen kulturguneak hartuko du solasaldia, 19:00etan eta bertaratzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea (klik hemen).
Dejabu konpainiak hartuko du lekukoa Festa ez da amaitu jardunaldien barruan kokatutako Jolgorio emanaldiarekin. Emakumeen Etxean izango da hori, hilaren 21ean, larunbatarekin, 19:00etan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte. Alicia Reyeroren ikuskizunean, gorputza, desioa, borroka, eta memoria ospatzen dira; festa poetiko, punk eta samurra.
Sustraietatik eraldatuz antolatu dute, halaber, haur literatura genero eta aniztasuna ikuspegitik aztertzeko. Helduei begirako tailerra da, hilaren 23an izango da Lekuona Fabrikan 17:30ean hasita. Doakoa da, baina aurretik izena ematea gomendatu dute (klik hemen).
Oreretako Asanblada Feministak egin duen deialdiarekin bat egin du bestalde ufdalak, eta herritar gutziak deitu ditu hilaren 25ean, asteazkena, 19:00etan Clara Rangel Plazan izango den elkarretaratzearekin bat egitera.
Zinemak ere izango du tartea egitarauaren barruan. Hilaren 26an Soy Nevenka zineforuma antolatu dute Emakumeen Etxean, 18:00etan hasita. Iciar Bollainen film horretan Nevenka Fernandezen historia kontatzen du zuzendariak. Espainiako Estatuan eragin handiko politikari bat sexu eta lan jazarpenarengatik auzitara eraman duen lehen emakumea da Fernandez.
