Parke kalean urbanizazio lanak hasiko ditu udalak
Lau hilabete iraungo dutela aurreikusi du, bi fasetan banatuta, eta 404.528,36 euroko aurrekontua bideratuko du horietara.
Errenteriako Udalak Galtzarabordako Parke kaleko urbanizazio lanak egiteko kontratua formalizatu duela jakinarazi du. Parke kalea Galtzaraborda auzoko sarbide nagusietako bat da, eta udalak egin asmo duen esku hartzearen helburu nagusia irisgarritasuna hobetzea, oinezkoen joan etorriak erraztea eta oinezkoen segurtasuna indartzea dela adierazi du.
Lanak bi zati bereizitan egingo dituzte: kalearen lehenengo zatian, kalearen hasieratik udal garajeetarainoko tartean, eraldaketa sakonagoa egingo da, gaur egun dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko. Horretarako, galtzada espaloien egungo mailaraino igoko da, egungo zintarriak eta desnibelak ezabatuz eta oinezkoentzako plataforma irisgarri jarraitua sortuz; bigarren zatian, udal garajeetatik 47. zenbakirainoko tartean, zoladura hobetuko da eta oinezkoentzako pasabideak goratuko dira, ibilgailuen abiadura murriztu eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko.
Mugikortasunari dagokionez, esku hartzeak aparkalekuak berrantolatzea aurreikusten duela jakinarazi du udalak, baita bizikleta-errei bat sortzea ere. Horrez gain, seinaleztapen horizontala eta bertikala hobetuko dira.
Esku hartzearen bidez, euri uren bilketa, argiteria publikoa eta hiri altzariak hobetuko dira. Gainera, naturari dagokionez, proiektuak berdeguneen azalera 50 m² handitzea eta 10 zuhaitz berri landatzea aurreikusten du. Udalak Parke kalearen beharrei erantzun integrala eman nahi die, irisgarritasuna hobetzeaz gainera, hiri kalitatea eta espazio publiko osoaren koherentzia ere indartuz.
Lanak egiteko aurreikusitako epea lau hilabete ingurukoa da eta aurrekontua 404.528,36 eurokoa.
Jarduketak, gainera, Tokiko Garapen Integratuko (EDIL) estrategietarako laguntza programaren finantzaketa du, 2021-2027 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatuta.
