Topoa lurperatzearen alde irmo beste behin
Dozenaka errenteriarrek berriz ere aldarrikatu dute topoaren trazatua lurperatzea azpiegiturak herrian duen eraginari aurre egiteko aukera bakar eta eraginkorrena dela.
Ez dute beste aukerarik ikusten eta baloratzen. Errenteria-Oreretatik pasatzerakoan topoak sortzen dituen eragozpen guztiei aurre egiteko modurik egokiena topoaren bidea lurperatzea dela esan dute gaur eguerdian dozenaka herritarrek. Herriko auzo elkarte guztiek Gaztañoko Euskotrenen geltokiaren ondoan egindako agerraldia jendetsua izan da oso. Gaur herritarren ahotsa entzun da, baina udalerriko tokiko erakundeak 2015ean, 2016an eta 2021ean hartutako erabakiak ere dituzte aldeko: orduko haietan Errenteriako Udalaren udalbatzak erabaki zuen, gehiengo osoz beti, dagokion administrazioari eskatzea bide azpiegitura lurperatzeko Errenteria-Oreretatik igarotzean. “Lurperatzea orain! Ez gara bigarren mailako herritarrak”, aldarrikatu dute. Mezuok Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari (ETS) helarazi dizkiete.
Bi esaldi eta ideiako aldarrikapen horri mamia eman diote gaurko agerraldian. Donostia eta Irun arteko topoaren linea 1912ko abenduan inauguratu zela zehaztu dute, eta ondorengo hirigintza garapenaren ondorioz trenbidea fagozitatuta geratu eta egungo gatazka sortu du, etxebizitzak hurbil daudelako eta gertuen dauden herritarrei kalte egiten dielako: zarata, bibrazioak, eta segurtasun eragozpenak eragiten ditu egungo topoaren bideak, bizilagunen ustez. Soluzioa: “Herritarrak aho batez mintzatu gara gaur, eta aurretik: alternatiba bakarra topoaren bidea lurpekoa izatea da”.
Donostian, eta Altza-Galtzaraborda artean inbertsio handiak egin ditu azken urteetan Jaurlaritzak ETSren bitartez. Altza-Galtzaraborda trazatua erabat berritu dute, tartean delarik Antxoko geltoki berria, lur azpikoa hura. Donostian ere hiru geltoki berriko lurpeko trazatu berria egin dute. “Uste dugu Errenteria-Irun topoaren zatiak tamaina horretako inbertsio eta lanak behar dituela, ez gara bigarren mailako herritar”, zehaztu dute. Udalerritik hurbil egin diren inbertsio horiek herrian bertan segida behar dutela izan uste dute udalerriko auzo elkarteetatik sortu den mugimenduko kideek.
ETSk aurtengo apirilean egindako adierazpenak ere ekarri dituzte elkarretaratzera: “Azpiegitura kudeatzen duten erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta ETSek prentsan iragarri zuten Donostia-Irun arteko bide tarte osoa bikoiztea dela helburua. Norabide bakoitzean 7 minututik behin trenak igarotzeko maiztasun horrek bi norabideen artean egunean 275-300 tren igarotzea ekarriko luke, eta, ondorioz, eragindako kaltea areagotu egingo litzateke”.
Abenduan, Gasteizera
Auzoetako eta karriketako lana bakarrik ez. Erakundeekin ere inurri lana egiten ari dira topoa lurperatzea xede duten auzo elkarteetako kideak. Hala, datozen asteetan lan instituzionala areagotuko dutela azaldu dute gaurko agerraldian.
Hasteko eta behin, herriko auzo elkarteetako ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren mahaian agerraldia egingo dute abenduaren 15ean, “topoaren trazatuaren zehaztasun faltagatik kezkatuta gaudela adierazteko”. Egun horretako 13:30ean egingo dute interbentzioa errenteriarrak Gasteizko legebiltzarreko politikoen aurrean. Hara joateko autobusa antolatu dute: abenduaren 15eko 11:00ak aldera aterako litzateke herritik, agerraldia eta gero buelta egiteko.
Gainera, udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiekin ere biltzeko asmoa azaldu dute, topoa lurperatzeko eskaeraren gaineko atxikimendua bildu, eta babesa eskatzeko. Aldi berean aurki gaiaren gaineko mozioak aurkeztuko dela iragarri dute
Segidan, agerraldiaren irudi sorta eta bideoa.
[flickr_set id=”72177720336730761″
