Elkartasuna ikusgarri egin dute Argentinan
Alicia Osa lezoarra Argentinan izan zen martxoan Nafarroako bi kooperanterekin batera. Beharra zutenei ikusmen azterketak egin zizkieten han, eta ondoren betaurrekoak bidali zizkieten.
Osa, eskuinean, Pedro Duc eta Elena Garbayo Nafarroako kooperanteekin eta Argentinako haur batekin. Elkartasun keinuak egitea Alicia Osa Gogorzaren bizitzaren zati da, inportantea. Lezo Optikako arduraduna Argentinako Rosario hiriaren inguruan den Villa Gobernador Galvez herrian izan zen martxoan, boluntario lanean: han, 758 ikusmen errebisio egin zituen optikari-optometristak harekin batera Atlantikoaren beste aldera joan ziren Elena Garbayo eta Pedro Duc nafarrekin batera, Cione Ruta de La Luz fundazioaren elkartasun programa bati jarraiki. Urrian, errebisioen ondorioz beharra zutenentzat 600 betaurreko iritsi ziren Argentinako lurralde hartara. Misioa, egina.
Argentinakoa ez da lehen elkartasun bidaia izan Osarentzat. 2023an Senegalen izan zen antzeko lana egiten, eta 2025ean Marokon. Argentinako lanak menesianoen kongregazioaren laguntzarekin egin zituzten. «Hango ikastetxe bat izan genuen ostatu, menesanioena hura. Eskola hartan ikusmen errebisioak egin genituen, baina gehienak Villa Gobernador Sanchez herriko txabolaz edo favelaz osaturiko auzune batean izan ziren», zehaztu du. Favela eremu hartara joateko kongregazio horretako kideen gidaritza izan zuten, «gu bakarrik joan izan bagina, arriskutsua litzateke…. Errespetua diete han, herritarrak laguntzen dituztelako».
Zonalde degradatua da hura, umila, bizi baldintza eskasekoa, droga asko dago, pertsona armatuak… «Hango ikusmen azterketak favelako jendea alfabetatzeko edo oinarrizko ikasketak emateko gune batean egin genituen, eskola orduz kanpo. Oso toki xumea zen. Sekulakoa zen haien begiradek zuten esanahia. Esker oneko begiradak ziren. Jakiak eta bestelakoak ere ematen zizkiguten. Gutxi dute han; ahal zutena ematen ziguten gure azterketen ordainean. Han ia-ia jainkotzat gintuzten, doctor tratamendua ematen ziguten. Ikusmena doan aztertzea eta gero betaurrekoak jasotzea sekulakoa da haientzat». Haur, gazte eta heldu izan ziren Osarekin eta nafarrekin aurrez aurre. «Askotariko jendea artatu genuen han».
Dena eman du
Euskal Herritik ikusmen azterketak egiteko beharrezko oinarrizko makina eta gailu eramangarri eta pisutsu guztiekin joan ziren hara Osa eta lagun nafarrak, «Argentinan horiekin guztiekin sartzea ez zen erraza izan. Kontrol eta galdera dezente egin zizkiguten». Azterketak martxoan egin zituzten, eta behin Lezora itzulita azterketa horien fitxak banan-banan egin, eta fitxa horien araberako betaurrekoak egin dituzte, urrian eman dizkiete argentinarrei. «Dena oso ondo antolatu dugu. Hara behar bezala iritsi dira betaurrekoak».
Osak aipatu du ikusteko elementu horien kostuaren zati gehiena hark eta kooperante nafarrek ordaindu dutela. «Badugu bazkide sare bat, estatu mailakoa. Baina betaurrekoen kostuaren zatirik handiena gure gain gelditu da». Jakinduria profesionala, denbora, aparatu teknikoak, dirua, eta bihotza. Dena eman du Osak Argentinako kooperazio egitasmoan: «Gustuko dut laguntzea. Ikusmen ona izatea bizitzeko oso oinarrizkoa da, nahiz eta hemen badiren hainbat hori baloratzen ez dutenak. Argentinako jende horren lehentasuna egunero zer jan izatea da, bai. Baina nire arlotik zerbaitetan lagun badezaket, egingo dut. Zortea dugu hemen jaiotzeagatik. Dena dugu. Bada jendea munduan behar asko dituena. Lagun badezaket, nire arlotik lagunduko dut».
Arlo profesionala eta pertsonala uztartzen ditu Osak elkartasun bidaia bakoitzean. Bere jakinduriarekin pertsonak lagundu nahi ditu, mundu hobe baterantz egiteko bidea hura dela uste duelako. «Jendea faveletan nola bizi den ikustean barrenak mugitzen zaizkizu. Argentina kakotx artean lehen munduaren zati da; han badago ondo bizi den jendea, baina bada pertsona zaurgarri asko. Horrek hunkitzen nau. Bidaietatik maiz ukituta etortzen naiz. Pertsona naiz denaren gainetik».
Argentinan harremana izan zuten bitartekarien edo menesianoen eskolako kideekin harremana izan dute ikusmen azterketak egin eta gerora, baita faveletako gune horren arduradunekin ere. Gogoz eskertu dute lezoarrak eta nafarrek egindako lana. Ordainetan esker on hitz bat eta begirada goxo bat besterik ez baitu behar Osak. Oraingoz ez du elkartasun keinu berriak egiteko planik lezoarrak, baina ziur berriz ere aurrera urratsa egingo duela.
