Kolonbiako gatazka soziopolitikoa, Gaztañoko auzo lokalean
Ostiralean topaketa egingo dute Jorge Adolfo Frytter Romero AJAFR antolatuta Kolonbiako gatazka soziopolitikoa eta erbesteaz aritzeko.
Kolonbiako erbesteratuen topaketa iaz, udalean. Kolonbiako egoera soziopolitikoaz eta erbesteaz mintzatuko dira ostiralean, hilaren 20an, Gaztañoko auzo lokalean, AJAFR oOrge Adolfo Freytter Romero elkarteak antolatutako topaketan. Errenteriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu du jardunaldia.18:30ean hasiko da eta bertan ariko dira Francisco Javier Toloza Fuentes Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakaslea eta Silvia Lopez Rodriguez ikertzailea. Toloza egungo egoera politiko eta sozialaren testuingurua azalduko du, eta besteak beste, bake akordioa sinatu zenetik hamar urteko epearen balantzea, egungo egoera politikoa, Kolonbiako indarkeria eta giza eskubideen egoera aztertuko ditu.
Ondoren elkarte antolatzaileak La Bodega auzoaren gainean egindako lana aurkeztuko du. Barranquillako gune hori giza eskubideen urraketa larriekin lotuta dago. Urtearen hasieran behaketa misioa bultzatu zuen elkarteak, gertatutakoa ikertu eta espazio hori biktimentzako memoria historikorako eta erreparaziorako eremu bihurtzea sustatzeko. La Bodega film laburra proiektatuko da. Prozesuaren zati bat jasotzen du filmak eta memoriaren, egiaren eta giza eskubideen defentsaren ikuspegitik hurbiltzeko aukera ematen du.
Erbestean eta genero ikuspegian aditua den Silvia Lopez Rodriguezek erbeste edo behartutako migrazio prozesuak bizi izan dituzten kolonbiarrei zuzendutako inkesta aurkeztuko du saioan. Pertsona horien bizipenak, bizi baldintzak, beharrak eta zailtasunak ezagutu eta prozesu horietan bizi ditzaketen indarkeria eta diskriminazio moduak aztertzea da ikerketaren helburua.
Inkestak sexu orientazioari, genero-identitateari eta genero adierazpenari buruzko aldagaiak jasotzen ditu, behartutako lekualdatzearekin, indarkeria matxistekin eta erbesteko baldintza sozial, politiko eta administratiboekin lotutako beste batzuekin batera. Helburua da bizipen-aniztasuna jasotzea eta desberdintasun- eta zapalkuntza-faktoreak nola gurutzatzen diren aztertzea, ikerketa LGTBIQ+ pertsonen errealitatera mugatu gabe.
Jardunaldia galderak egiteko, hausnartzeko eta bertaratutakoekin iritziak eta esperientziak trukatzeko gune ireki batekin bukatuko da. Jarduera herritarrei, elkarteei, gizarte kolektiboei eta Kolonbia, erbeste politikoa, behartutako migrazioak, memoria historikoa eta giza eskubideen defentsa interesatzen zaizkien pertsonei zuzenduta dagoela zehaztu dute antolatzaileek eta parte hartzera deitu,
