Bidegorri sare segurua lortzeko proposamena egin du Eguzkik
Lezoko bidegorri sarearen zati batek Jaizkibel hiribideko errepidea gurutzatzen du, zehazki Bekoerrota kiroldegiko semaforotik Altamirarako zatian.
Marra urdinak egungo bidegorriaren trazatua markatzen du, errepidea gurutzatuz. Marra gorri lodiak, berriz, Eguzkiren proposamena jasotzen du.Eguzki Lezoko bidegorri sarearen zati batek Jaizkibel hiribideko errepidea gurutzatzen du, zehazki Bekoerrota kiroldegiko semaforotik Altamirarako zatian. Eguzki Talde Ekologistaren ustez zati hori ez da segurua ez eta koherentea ere, errepidea zeharkatze hutsa arriskutsu izan daitekeelako bizikleten erabiltzaileentzat. Hala, hori ekiditeko proposamena aurkeztu du: Bekoerrota ondotik doan bidegorriak, alde horretatik bertatik jarraipena izan dezala bidea zabalago eginez.
2024an Lezoko bidegorri sarea hobetzeko hiru proposamen egin zituen Eguzkik, horietako bat errepide gurutzatze hori ezabatzea zelarik. 2025ean egin zion proposamena berriz ere udalari, tarte horrena zehazki. “Udalak erantzun digu gure proposamenean etenda gelditzen den zatia txikia denez, ‘elkarbizitza eremua’ seinalea dioen seinalea jartzeko aldundiari bamena eskatuko diola”. Erantzunarekin ez da gustura Eguzki, horrek egoerari erantzunik ez diola ematen uste baitu: “Zati horren sekzioa oso txikia da, eta gainera trafiko handia dago ondotik, kamioiena barne”. Hala, bidegorri zati hori Gipuzkoako sare nagusikoa izanda, hori moldatzeko ardura aldundiarena dela zehaztu du Eguzkik, “seinalea jarrita ere nekez bete ditzake sare nagusiko zati izateko baldintzak”.
Duela ez asko Arraitoki ondoko trenbidearen tunelean lanak egingo dituela iragarri du Pasaiako Portu Agintaritzak. Eguzkik azaldu du lan horiek balia daitezkeela bidegorri zati horri “benetako irtenbidea” emateko, eta Lezoko Udalari eskatu diote hori hala izan dadin ahalegina egin dezala.
