Kale-argia bota, eta segi aurrera
Ostiral gauean kamioi batek Auñamendi kaleko kale-argi edo farola bat bota zuen. Ihesean joan zen gidaria.
Albiste honen izenburuaren intentzioa ez da Pantxoa eta Peioren Lepoan hartu ta segi aurrera abestiaren XXI. mendeko berrikuspena egitea. Lezon ostiral gauean izan zen gertakari baten laburpena besterik ez da. Kamioi batek Auñamendi kaleko kale-argi edo farola bat bota zuen, eta ondoren gidariak lasai asko eta ibilgailuaren musika ekipoa ozen jarrita zuela ihes egin zuen. Inguruan bizi diren lezoarren artean haserrea eragin zuen gertakariak, ondoko bideoan ikus daitekeen bezala. HITZAk jakin ahal izan duenez, kamioi hori aurrerago ataskatuta gelditu zen, Xoxolurrerako sarreraren ondoko bihurgunean.
Bideoa herritar batek jaso, eta bidea egin du lezoarren artean. HITZAra lezoar batek bidali du. Auñamendi kaleko errepidea ez da bereziki zabala, eta bihurguneak ditu. Hortaz, litekeena da kamioiaren GPSak edo nabigatzaileak kamioia hara bidali izana, jakin gabe tamaina handiko ibilgailuek zail dutela handik pasatzea. Baina behin kaltea eginda, ordea, gutxienekoa litzateke gidaria horren arduradun egin, eta gertatutakoaren berri Udaltzaingoari edo dagokionari ematea. Ez zen hala izan.
Ondoko bideoan zer gertatu zen ikus daiteke.
