Autobus zerbitzu hobe baten alde borrokan jarraituko dute
50 bat pasaitarrek Ekialdebusen zerbitzuetako aldaketen gaineko kezka partekatzeko asanblea egin zuten ostiralean.
Urriaren 23an autobus zerbitzu berrien gaineko kezka azaltzeko mobilizazioa egin zuten pasaitarrek. Pasaitarrek haien beharrak egoki beteko dituen autobus publiko zerbitzuaren alde borrokan jarraituko dute. Hala erabaki zuten joan den ostiralean Trintxerpen egin zuten asanblean. 50 bat herritar batu ziren batzarrera, eta aldundiak iragarritako aldaketa berriak (azaroaren bukaeran sartuko dira indarrean) nahikoa ez direla erabaki zuten. Beraz, aurrera begira mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Alta, azken aldaketa horien gaineko informazio falta sumatu dutela azaleratu zen herritarren topagune horretan.
Ekialdebusen zerbitzuek herrian izandako aldaketek sortutako ezinegonaren harira sinadura bilketa egin zen udalerrian. Herri mugimendu horretako kideek zehaztu dute 1.823 sinadura bildu dituztela, eta horiek Gipuzkoako Foru Aldundira bidali dituztela zerbitzua leheneratzea eskatu asmoz.
Aldi berean, urri hasieratik indarrean diren lineen aldaketek egunerokoan zer nolako eragozpenak sortzen dituen azaltzeko baliatu zuten ostiraleko asanblean han izan zirenetako hainbatek.
