Urtea bukatzeko, izerdia Antxon
Antxotarrak Lasterkari Taldeak Antxoko XIII. Gabonetako Krosa egingo du abenduaren 18an, 20:00etatik aurrera. Izen emateak irekita daude.
Antxotarrak Lasterkari Taldeak antolatuta, Antxoko XIII. Gabonetako Krosa egingo da abenduaren 18an (ostirala), 20:00etatik aurrera. Lasterketak 5,8 kilometro ditu, eta sustatzaileen arabera, ibilbidea erraza eta laua da, edonork egiteko modukoa. Lasterkariek lau bira eman beharko dituzte barrutian zehar ibilbidea osatzeko: lehena 0,4 kilometrokoa izango da, eta gainontzeko hiruak 1,8 kilometrokoak. Gure Zumardian hasi eta bukatuko da proba.
Antxotarrak Lasterkari Taldearentzat “garrantzitsua” da Gabonetako Krosa. “Lasterkarien mesederako jarduera izateaz gainera, ostiral arrats horretan sekulako giroa izango da herrian, Eguberrien atarian kirolaz gozatzeko eta animatzeko aukera hobe ezina baita”. Sustatzaileek adierazi dute Antxo girotzeko eta barrutiari beren ekarpena egiteko modua dela krosa.
Izen emateak irekita daude jada, eta Kirolprobak atariaren bidez egin behar dira, 12 euroan. Egunean bertan ere dortsala hartzeko aukera izango da, 14 euroan.
Sariei dagokienez, bederatzi banatuko dituzte: lehen hiru emakume eta gizonei, lehen emakume eta gizon pasaitarrari eta mozorro onenari. Sari banaketa ekitaldia proba bukatu ondoren egingo da, 21:00ak aldera, Gure Zumardian.
Lasterketaren ondorenerako jakiak eta edariak jarriko dituzte lasterkarien eskura. Kontsigna eta masaje zerbitzua ere jarriko dute, Kultur Etxean. Han bertan jaso ahal izango dira dortsalak abenduaren 18ko 17:30etik aurrera.
Antxotarrak Lasterkari Taldeak eskerrak eman dizkie krosaren babesle diren erakunde eta tokiko komertzio guztiei. “Haiek gabe ez litzateke posible izango berriz ere krosa berreskuratzea”, esan dute. Aurrerago emango dute laguntzaile eta kolaboratzaile guztien zerrenda.
