Ekonomia urdina eta lurraldearen eraldaketa, hizpide Donibanen
Juanba Berasategi aretoak 'Ekonomia urdina eta lurraldearen eraldaketa' izeneko jardunaldia jasoko du abenduaren 1ean, 09:00etatik 13:15era. Topaketak sektoreko eragileak, enpresak eta erakundeak bilduko ditu.
Donibaneko Juanba Berasategi aretoak Ekonomia urdina eta lurraldearen eraldaketa izeneko jardunaldia jasoko du abenduaren 1ean, 09:00etatik 13:15era bitartean. Pasaiako Portu Agintaritzak, AZTIk, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek antolatu dute topaketa, eta sektoreko eragileak, enpresak eta erakundeak bilduko ditu, “Pasaiako badiatik abiatuta, enplegua, talentua, berrikuntza eta garapen ekonomikorako aukera berriak eskaintzeko”.
Sustatzaileen arabera, jardunaldiaren helburua da ekonomia urdinaren inguruan sortzen ari diren aukerak ezagutaraztea, sektoreko eragileen arteko elkarlana sustatzea eta eskualdearen garapen ekonomikoan eragin dezaketen erronkak eta aukerak partekatzea. Horretarako, enplegua, prestakuntza, inbertsio berriak, enpresa garapena eta berrikuntza izango dira ildo nagusiak.
Abenduaren 1ean hitzaldiak, elkarrizketa estrategikoak eta mahai inguruak egingo dira, ekonomia urdinaren oraina eta etorkizuna hainbat ikuspegitatik aztertzeko.
Lehen saioetan talentuaren eta enpleguaren gaiak landuko dituzte. Ekonomia urdinaren eraldaketak eskatuko dituen profil profesional berriak, prestakuntza beharrak, belaunaldi erreleboa eta talentua erakartzeko aukerak izango dira aztergai. Horrez gain, Blue Jobs Market mahai inguruan, sektoreari lotutako enplegu aukerak eta beharrezko gaitasunak izango dituzte hizpide.
Horien ondoren, Pasaiako badian garatzen ari diren inbertsio berriei eta horiek lurraldean izan dezaketen eraginari erreparatuko zaie. Enpresen hazkundea, industriaren eta portuaren arteko lankidetza, enpleguaren sorrera eta tokiko balio katea indartzeko aukerak izango dira elkarrizketa estrategikoaren ardatzak.
Berrikuntzaren gaia ere landuko dute jardunaldian. Enpresen arteko mahai inguru batean, ikerketatik merkaturako bidea aztertuko dute, ezagutza negozio aukera bihurtzeko dauden erronketan eta sektorean zabaltzen ari diren aukera berrietan arreta jarriz.
Oarsoaldea Urdina 2030
Jardunaldia bukatzeko, Oarsoaldea Urdina 2030: ekonomia urdinaren hub baterantz izeneko erakundeen arteko mahai ingurua egingo da.
Saio horretan, eskualdean sustatu nahi den ekonomia urdinaren ekosistemari buruzko hausnarketa partekatuko da: zer enpresa mota erakarri, zer zerbitzu eskaini, eragileen arteko lankidetza nola indartu eta Oarsoaldeak Euskadiko ekonomia urdinaren garapenean zer eginkizun izan dezakeen.
Topaketa, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko espazioa izateaz gain, eskualdeko eragileen arteko harremanak sendotzeko eta etorkizuneko lankidetza aukerak aztertzeko gunea ere izango dela adierazi dute sustatzaileek.
Ekonomia urdina eta lurraldearen eraldaketa
Abenduak 1, asteartea
- 09:00-09:30: Ongietorri instituzionala.
- 09:30-10:00: Talentu urdina: ekonomia urdina eraldatuko duten profilak. Hizlaria: Sarai Blanc (Euskadiko Itsas Foroko zuzendaria).
- 10:00-10:45: Blue Jobs Market: talentua, prestakuntza eta aukera berriak. Hizlariak: Mikel Arrieta (Blas de Lezo), Carlos Lizarbe (Don Bosco), Ana Mendibil (Euskadiko Itsas Foroa) eta David Boullosa (EHUko Ingeniaritza Eskola). Moderatzailea: Joseba Fino (Oarsoaldea Garapen Agentzia).
- 10:45-11:15: Kafe etenaldia.
- 11:15-12:00: Ekonomia urdina hemen dago: Pasaiako badia eraldatzen duten inbertsio berriak. Hizlariak: Izaskun Goñi (Pasaiako Portu Agintaritza), Xabier Zubeldia (Prosix Ingenieria) eta Iñaki Oreja (Kimua).
- 12:00-12:45: Berrikuntza aplikatua: laborategitik merkatura. Hizlariak: Iñaki Mutuberria (Isurki), Iñaki Salaberria (Karela Solutions), Iñigo Otaegi (Urpean) eta Urtzi Zubiaurre (Kotazero). Moderatzailea: Gorka Gabiña (AZTI).
- 12:45-13:15: Oarsoaldea Urdina 2030: ekonomia urdinaren hub baterantz. Hizlariak: Cesar Gutierrez (Mubil), Ainhoa Unamuno (CEI Gipuzkoa), Ixone Soroa (Eusko Jaurlaritza) eta Fernando Nebreda (Oarsoaldea Garapen Agentzia). Moderatzailea: Julien Mader (AZTI).
- 13:15: Itxiera instituzionala. Oarsoaldea Garapen Agentzia.
