Txotxongiloek Pasaia hartuko dute datorren astean
Hilaren 24tik 27ra Pasaiako ikastetxeetako ikasleei begirako lau emanaldi egingo dira, eta hilaren 28an, familia osoari zuzendutako emanaldi ireki bat Donibaneko Juanba Berasategin.
Pasaiako Udalak eta TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak elkarlanean antolatzen duten nazioarteko txotxongilo emanaldien egitaraua berritasunekin iritsiko da aurten Pasaiara. Hilaren 24tik 27ra bitartean Pasaiako ikastetxeetako ikasleei begirako lau emanaldi egingo dira, eta, lehen aldiz, familia osoari zuzendutako emanaldi ireki bat ere eskainiko da.
Emanaldi irekia hilaren 28an (larunbata) izango da, 17:00etan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Compagnie l’Alinea konpainiak SPQRT ikuskizuna taularatuko du. Hitzik gabeko emanaldi bat da, eta txotxongiloak eta zuzeneko jazz musika uztartzen ditu, kirolaren mundua umorez eta irudimenez aztertzeko.
Sarrerek 3 euroko kostua dute. Horiek Bibe plataforman edo emanaldiaren egunean eros daitezke, 16:00etatik aurrera, Juanba Berasategiko txarteldegian.
