Azaroak 25

Hezkuntza feminista eraikitzera deitu du Ikamak

Eskola uzteak antolatu ditu ikasle antolakundeak baita protesta ere; Oreretako Herriko Plazan egin du hitzordua 12:00etan eta ikasle guztiak parte hartzera deitu.

Azaroaren 25aren harira protestara deitu du Ikama ikasle antolakundeak. Zehazki, eskola uztea deitu ditu Oarsoaldeko ikastetxeetan, baita mobilizazioa ere. Azken horretarako hitzordua Oreretako Herriko Plazan egin du Ikamak, 12:00etan, datorren asteazkenean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean.

Hezkuntza sistema ezbaian Ikamak; neutroa ez izatea egotzi dio ikasle antolakundeak, harago jo, eta estatu egituraren tresna izatea egotzi dio egitura zaharrak sustengatzeko, “kolonialismoa, kapitalismoa eta zisheteropatriarkatua ere bertan elkar elikatzen dira”. Egitura zahar horrekiko desobedientziak mehatxu bihurtzea egotzi diote halaber hezkuntza sistemari, “borroka feministaren kriminalizazioa, identitateen kontrako erasoak eta askatasunaren aurkako mehatxuak gero eta ohikoagoak dira”.

Zentralitatea gorputz hegemonikoei ematea ere egotzi diote, “gizon zis zurien ahotsa goratuz eta beste ahots guztiak baztertuz. Oraindik ere ez dugu benetan babestuko gaituen protokolo eraginkorrik, eta maiztasun handiagoz jasotzen ditugu irakasle faxisten eta diskurtso erreakzionarioen berri”.  Ildo horretan, hala behar balute ere ikastetxeak ez direla gutzientzako leku seguruak salatu du Ikamak, “askatasunerako tresna izan beharrean, gehienetan, zapalkuntza errepikatzeko mekanismo bilakatzen da hezkuntza”.

Feminismoaren “motortzat” kokatu ditu gazteak Ikamak, “antolakuntza kolektiboaren bidez, araututako ordenari aurre egiten diogu. Beste mundu batean sinesten dugulako, Euskal hezkuntza sistema propio eta feminista baterantz bidean, egitura zaharrak desegin eta orainalditik sistema berriak eraikitzearen alde borrokan dihardugu”.

Azaroaren 25a borroka eguna dela gaineratu du, ez dela baina haien desobedientzia eta antolakuntza egun bakarrera mugatzen, eta  faxismoaren eta ideia erreakzionarioen aurrean, antolakuntzaren bidez beste hezkuntza bat eraikitzera deitu du feminismotik. Bukatzeko paroekin bat egitera deitu ditu ikasleak eta antolatutako mobilizazioan parte hartzera.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.