Kirola eta haren bueltakoari, aitortza
Kirol gala egin du udalak herriko kirol elkarteei eta haren bueltan ari direnei aitortza egiteko.
Kirol Gala atzo Niessen kulturgunean.Herri Bizia Errenteriako Udalak Kirol Gala egin zuen atzo Lekuona Fabrikan. Urtero bezala, ekitaldiak herriko kirolarien eta kirol-erakundeen lana aitortzeko eta ospatzeko balio izan zuen. Aurten, gainera, berdintasuna izan da galaren ardatz nagusia, kirolean pertsona guztiek parte hartzeko eta beren lekua aurkitzeko aukera izan behar dutela aldarrikatuz.
Ekitaldian izan ziren Errenteriako hainbat klub, kirolari, erakundeetako arduradun eta, oro har, kirolarekin lotutako pertsonak, Aizpea Otaegi alkatea, Leire Mazizior Kirol zinegotzia, eta udal alderdi guztietako ordezkariak. 250 lagun inguruk parte hartu zuten ekitaldian.
Alkateak, bere hitzaldian, kirolak Errenteriako nortasunean eta eguneroko bizitzan duen garrantzia azpimarratu zuen, emaitzetatik harago. Belaunaldien arteko transmisioan eta kirol-sarearen jarraipenean duen balioa nabarmendu zuen, eta udalak klubekin, kirolariekin eta herritarrekin batera kirol sarea zaintzeko eta etorkizuneko belaunaldientzako aukerak sortzeko duen ardura berretsi zuen. Kirola urte osoan bizirik mantentzen duten guztiei eskerrak eman zizkien bukatzeko.
Galan hainbat kirolari eta pertsonaren ibilbidea aitortu zen, bai lortutako kirol emaitzengatik, bai Errenteriako kirol sareari urteetan egindako ekarpenagatik.
Ereintza Eskubaloi Elkarteak berdintasunaren alde egindako lanarengatik jaso zuen aitortza. Bereziki, duela 45 urte inguru lehen emakumeen taldea sortzeko hartutako erabakia nabarmendu zen atzoko ekitaldian, “emakumeen kirolak oztopo eta zailtasun handiagoak zituen garai batean egindako urrats aitzindaria”. Ereintzarekin lotuta, halaber, Imanol Goikoetxea zena omendu zuten, “Ereintzaren historian utzitako arrastoagatik”. Joan den otsailaren 10ean hil zen errenteriarra, eta kirolarekin oso lotuta zegoen. Besteak beste, Gipuzkoako Eskubaloi federazioko diruzaina, Ereintza Eskubaloi taldeko presidente eta entrenatzaile ohia. Gipuzkoako Atletismo Federazioko epaile ere bazen.
Galan beste hainbat omenaldi egin ziren: Jose Luis Mujika Pepelu, Alfonso Gonzalez Zamorita — abuztuaren 22an zendu zen Zamorita boxeatzaile ohia eta prestatzailea—eta Guillermo Espinosa — apirilaren 2an zendu zen Marpex Beraun Errenteria Mahai Tenis taldeko sortzailea eta kirol bereko Gipuzkoako Federazioko presidente ohia— omendu zituzten; eta Touringeko emakumeen futbolaren sorrera eta Iñaki Oiarbideren—irailaren 23an zendu zen Touringeko lehendakari ordea— lana aitortu zituzten.
Kirolarien lorpenen artean, Sebastián Látigo Pérez boxeolariaren munduko titulua, Fermín Barrenetxearen Espainiako txapelketa eta Eider Cecilia piraguistaren nazioarteko emaitzak nabarmendu zituzten. Beraun Klubeko mahai-teniseko kirolarien lorpenak ere aitortu zituzten.
Herri Arte Eskolako Ganbera Hirukotearen musika emanaldiak eta antzerki taldearen saioak osatu zuten egitaraua.
Ekitaldiaren bukaeran, Leire Mazizior kirol zinegotziak eskerrak eman zizkien Errenteriako kirol elkarte guztiei, haien zuzendaritza taldeei, entrenatzaileei, kirolariei, familiei, boluntarioei eta laguntzaileei. «Kirola lehiatzea baino askoz gehiago da. Taldean lan egiten ikastea, zailtasunak gainditzea, besteak errespetatzea, pozak partekatzea eta komunitatea eraikitzea ere bada. Errenteriako kirola posible egiten duzuen pertsona guztien lana eskertu nahi dugu. Askotan lan isila da, eta ez du beti merezi duen aitortza jasotzen, baina zuen dedikaziorik gabe gure udalerriko kirola ez litzateke posible izango», adierazi zuen zinegotziak.
Udalak kirol klubekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, “kirol irisgarriagoa, berdinzaleagoa eta inklusiboagoa eraikitzen jarraitzeko”ikerne.
