Lezoko kanala zabaltzeko 23 milioiko inbertsioa egingo du portuak
Nabigagarritasuna hobetzeko lanen proiektuaren idazketa lizitaziora atera du Pasaiako Portu Agintaritzak. Kanalaren sakonera eta zabalera handituko dira.
Zama ontzi bat, Lezoko kanaletik pasatzear dela.Pasaiako Portu Agintaritza Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) iragarri du lizitaziora atera duela Lezoko kanalaren sakonera eta zabalera handitzeko lanen idazketa. Hala, obra horiek egiteko ardura izango duen enpresak 800.000 euroko aurrekontua izango du egitasmoa idazteko, 20 hilabeteko gauzatze epearekin. Behin proiektua esku artean izanda, lanak hasiko dira: 23 milioi euroko aurrekontua dute, eta horien helburua da Lezorako sarbide kanalaren sakonera handitzea, eta zabalera 160 metrora zabaltzea. Aldi berean, Petroleos izeneko nasa luzatzea ere aurreikusten da, 170 metroko luzera duten ontziek bertan atrakatzea ahalbidetzeko.
Lan horien agiri idatzia egiteko prest dauden enpresek urtarrilaren 12ra arteko tartea izango dute euren proposamenak aurkezteko. Horiek telematikoki aurkeztu behar dira sektore publikoko kontratazio plataformaren bitartez.
Lezoko kanalaren sakoneran eta zabaleran eraginda, PPAk adierazi du zama ontzien badia barruko nabigagarritasuna hobetuko dela, eta barku handiagoek handik pasatzeko aukera izango dutela Lezoko nasetara errazago iritsiz. “Lezoko dartsenarako sarbidearen egungo konfigurazioak bertan jardun dezaketen ontzien luzera mugatzen du. Aurreikusitako konfigurazio berriarekin, ordea, sakonera eta Lezoko dartsenarako irisgarritasuna handituko dira, eta, aldi berean, ontziolaren eta Kaputxinos kaiko operatibitatea hobetuko da”, azaldu du Izaskun Goñik, Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak.
Proiektuaren idazketaren lizitazioa aurretik aurretiazko hainbat lan egin dituela azaldu du PPAk. Hala, 2022ko bukaeratik 2024ko hasierara arte, AZTI zentro teknologikoaren laguntza teknikoarekin, PPA dragatu beharreko materialak karakterizatzen aritu zen. Gainera, Zamakona ontziolaren inguruko lurzoruaren kalitatearen azterketa historikoa ere egin zen. “Lan horiei esker”, esan du portuak, “proiektuen idazketan eta mota honetako proiektuetan ohikoak diren ingurumen izapideetan arin aurrera egin ahal izango dugu”.
