Konpostajearen garrantziaz jabetzeko kontzientziazio saioa
Herritarren artean hondakinen prebentzioa, ekonomia zirkularra eta ingurumenarekiko erantzukizuna sustatzea da helburua.
Hondakinak egoki biltzeko kanpaina aurkjztu zuten hilabete hasieran. Errenteriako Udalak konpostajeari buruzko kontzientziazio saio berezi bat abiatuko du Hondakinen Prebentziorako Europar asteko bi egunetan, herritarren artean hondakinen prebentzioa, ekonomia zirkularra eta ingurumenarekiko erantzukizuna sustatzeko helburuarekin.
Zehazki, hilaren 24an eta 26an informazio puntu bana ezarriko ditu herriko bi auzotan, goizez zein arratsaldez herritar ororengana iristeko.
24an, asteartean, informazio puntua 9:30etik 13:30era eta 14:30etik 18:30era Fanderiako Errotaren ondoan egongo da. 26an, ostegunean, aldiz, informazio puntua Alabergako auzo elkartearen alboan jarriko du ordutegi berean.
Bi gune hauetan, herritarrek konpostajearen inguruko informazio praktikoa jasoko dute: nola bereizi hondakin organikoak, nola egin konposta etxean edo auzo konpostaguneetan, Errenteriako auzo konpostagailuak non dituzten, eta zein onura dakartzan praktika honek ingurumenarentzat eta tokiko komunitatearentzat. Era berean, konposta banatuko da interesa duten herritarren artean, konpostaje prozesuaren emaitza ezagutarazteko eta praktika hau etxean aplikatzera animatzeko.
Helburu nagusia herritarrak sentsibilizatzea da, bai konpostatzearen garrantziaz, bai hondakinen kudeaketa arduratsuaz. Aldi berean, udalak etxe konposta eta auzo-konposta egiten duten herritarren kopurua handitu nahi du, herritarren inplikazioa indartuz eta tokian tokiko ekonomia zirkularra sustatuz.
Datuak eman ditu udalak, aurten, 180 familia baino gehiago daude jada udalaren konpostaje programei atxikita: 60 auzo konpostajean eta 120 etxeko konpostajean.
Errenteriako Udalak herritar guztiak animatu ditu puntu informatiboetara gerturatzera, informazioa jasotzera eta konpostajean parte hartzera: “Hondakinen kudeaketa jasangarria guztion artean eraikitzen da, eta urrats txikiek ere eragin handia izan dezakete ingurumenaren, osasun publikoaren eta komunitatearen ongizatean”.
