Azaroak 25

Konpromisoak eraginkortasunez betetzea eskatu dio Saregileak taldeak udalari

Azaroaren 25aren harira, Saregileak taldeak adierazi du, adierazpen instituzionaletatik harago, Pasaiako "berdintasun politika publikoek benetako bultzada eta hartutako konpromisoen betetze eraginkorra behar dituztela".

Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, Saregileak taldeak adierazi du, adierazpen instituzionaletatik harago, Pasaiako “berdintasun politika publikoek benetako bultzada eta hartutako konpromisoen betetze eraginkorra behar dituztela”.

Saregileak taldeak “begi onez” ikusi du Pasaiako Udala egiten ari den Mapa Morea izeneko prozesua. Lanketa horren barruan, udalerriaren hiri diagnostikoa genero ikuspegitik azatertuko du udalak. “Gure hiri ingurunea aztertzearen garrantzia aitortzen dugu puntu kritikoak detektatzeko eta espazio seguruak diseinatzeko. Hala ere, aurrerapauso hori ez da nahikoa premiazko neurri estrukturalik gabe: gabezia larriak antzematen ditugu emakumeen ahalduntzearen arloan eta jarduera protokoloen berrikuspenean”, esan dute.

Iazko A25ean udalak hainbat konpromiso publiko egin zituela gogorarazi du Saregileak taldeak, “baina gaur egun oraindik gauzatzeke daude”. Bide horretan, baliabideak esleitzea eta “funtsezko” puntu hauek “berehala” abian jartzea “exijitu” dute Saregileek:

  • Planak eta protokoloak eguneratzea: Lehentasunezkoa da indarkeria matxistari erantzuteko planak eta protokoloak premiaz eguneratzea, erakundeen arteko koordinazioa indartuz eta Pasaiako emakume talde eta elkarte feministekin elkarlana bermatuz. Era berean, horien jarraipena, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bermatu behar dira ikuspegi feministatik, herritarrak aktiboki inplikatuz.
  • Ahalduntze guneak babestea eta indartzea: Udalerriko emakumeentzat ezinbestekoak diren guneak sendotzea eta indartzea exijitzen dute, parte hartze politiken jarraitutasuna bermatuz. Premiazkoa da ahalduntze guneak berriro aktibatzea; izan ere, Berdintasun Mahaiak urtebete baino gehiago darama jarduerarik gabe, Pasaiako Emakumeen Aholku Kontseilu berriaren sorrera luzatzen den bitartean.

Saregileak taldeak gobernu taldeari “exijitu” dio hartutako konpromisoak “modu eraginkorrean” gauza ditzala: “Emakumeen ahalduntzea eta eraso matxisten aurkako borroka ezin dira ekintza sinboliko hutsetan edo denboran luzatzen diren konpromisoetan geratu”.

Diskurtso negazionistak

Genero indarkeriaren diskurtso negazionistetan ere jarri du arreta Saregileak taldeak. Diskurtso horiek “gorakada kezkagarria” izan dutela baietsi dute, eta horren aurrean “ezinbestekotzat” jo dute “aldarrikapen feministak deslegitimatu nahi dituzten kontakizun desinformatiboak desmuntatzea”.

“Gogoratzen dugu auzi judizial bat artxibatzeak edo largesteak ez duela inolaz ere esan nahi salaketa faltsua denik. Frogarik ez dagoenean edo frogatzeko zailtasunak daudenean, sistema judizialak akusatuarekiko berme prozesalaren printzipioa aplikatzen du, eta horrek kasu ugari artxibatzea eragiten du, biktimaren testigantza eta bizipena gorabehera”, esan dute.

Eta jarraitu dute: “Bestalde, salaketa faltsu bat legez egiaztatzen denean, legediak ondorio penalak aurreikusten ditu salatzailearentzat. Emakumeek ez duten inolako pribilegio prozesal edo juridikorik; pribilegioei edo salaketa faltsu masiboei buruzko narratibak berdintasunaren arloko aurrerapenak geldiaraztera eta erasoa jasan dutenen babes soziala eta instituzionala desarmatzera bideratutako diskurtso estrategia baten parte dira”.

Birbiktimizazioa

Saregileak taldeak “kezka sakonez” salatu du administrazioek emakumeen zein adingabeen kontakizuna zalantzan jartzen dutenean, arreta zatikatzen dutenean edo erantzunak atzeratzen dituztenean jasaten duten birbiktimizazioa eta indarkeria instituzionala: “Bigarren mailako babesgabetasun hori modu dramatikoan islatzen da Gipuzkoan sexu abusuen biktima diren adingabeak artatzeko foru zerbitzuaren (Bideratu) egungo gainezkatzean: itxaron zerrendek hiru hilabete baino gehiago irauten dute, eta urtean 25 adingabe inguru kanpoan geratzen dira familia babeslea izateagatik, eta modu oso prekarioan bideratzen dira udal baliabideetara eta indarkeria matxistaren tokiko zerbitzuetara. Asistentzia hutsune horren aurrean, atzeraezina da Pasaiako Udalak udal protokoloak eguneratzea eta baliabideez hornitzea, arreta koordinatua, espezializatua eta atzerapenik gabea bermatzeko”.

Indarkeria matxistaren aurkako borrokak erakundeen “konpromiso irmo eta jarraitua” eskatzen duela ziur dira Saregileak, baina baita gizarte osoaren inplikazioa eta indarra ere. Bide horretan, pasaitar guztiak animatu dituzte A25aren harira antolatutako salaketa deialdi eta mobilizazioetan aktiboki parte hartzera.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.