Arraitokin, zer?

Arraitokirako proposamenak jasotzeko galdetegia egin eta horri erantzuna emateko eskatu du Lezoko Udalak. Azpiegitura publiko eta balioanitza lantzen ari da udala.

Arraitokiko ikuspegi orokorra.

Arraitokin, zer? Galdera horri askoz era landuago eta sakonagoan erantzuteko aukera eman die udalak lezoarrei. Izan ere, Lezoko herriguneko orube hartan herritarren beharrei erantzuteko azpiegitura publiko eta anitza lantzen ari da udala, eta orain herritarren iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu. “Galdetegiaren bidez udal ekipamenduen inguruan herritarrek dituzten beharrak ezagutu nahi ditugu eta, bereziki, Arraitokiko eremurako dituzten proposamen zehatzak jaso ere”, zehaztu du udalak.

Udal erakundeak azaldu du jasotako ekarpen eta proposamenak “Arraitokiko azpiegituraren definizioan eta etorkizuneko erabakiak hartzeko oinarri” izango direla. Horregatik, herritar guztiak animatu ditu galdetegia betetzera eta prozesuan parte hartzera.

Galdetegiaren fasea hasi baino lehen, ordea, gaiaren gaineko urratsak egin dira. Hala, besteak beste, herriko eragileekin hainbat lan saio egin dira haien ekarpenak aurrez aurre jasotzeko. Izan ere, udalaren arabera, “herriko elkarte eta eragileen jarduna sustatzeko eta komunitatea indartzeko topagune bat sortzea” da proiektuaren ezaugarrietako bat, eta talde horiekin egindako hartu-emanak egitasmoa bera aberasteko lagungarri izango dela adierazi du,

Galdetegira iristeko, baliatu esteka hau.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.