Indarkeria matxistaren kontra, saretze ariketa Lezon
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira egitarau landu eta zabala antolatu dute herriko eragileek eta Lezoko Udalak elkarlanean.
Lezoko eragileetako eta udaleko ordezkariak, A25eko jardueren berri emateko agerraldian. Azaroaren 25eko (A25) Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira egitarau landu eta zabala antolatu dute herriko eragileek eta Lezoko Udalak elkarlanean. Horren oinarria izango da indarkeria matxista gaitzetsi, herritarren kontzientziazioa sustatu eta berdintasuna aldarrikatzea, “indarrak batzeko eta arazo sozial larri hori agerian jartzeko ezinbesteko hitzorduak dira”, esan dute Azaroaren 25ari forma emateko herrian batu direnek. Egun jakinetako jarduerez gain, bat iraunkorra izango da: hilaren 23tik 29ra kale, denda, balkoi eta agerian tiren tokietan zapi eta zapata gorriak jartzera deitu dute, “indarkeria matxistaren kontrako aldarrikapenak kaleetara eramateko”. Gai horren harira erreportajea publikatuko du bihar (hilak 20, ostirala) HITZA-k bere astekarian.
Bortxa matxistaren dimentsioaren berri emateko, datu bat eman du Lezoko Udalak: 2025ean, indarkeria matxistari aurre egiteko 26 laguntza eskaera jaso ziren “Ezin dugu ahaztu”, esan dute eragileek eta udalak, “denon ardura dela berdintasuna bermatzea. Ez dugu isilik geratu nahi, bete ditzagun gure kaleak, balkoiak eta ahotsak elkartasunez. Matxismoaren itzala oso zabala da eta gaitz hori salatzea, borrokatzea eta pertsona ororen kontzientziatan presente egon dadin beharrezkoa da”.
A25eko egitarauaren barruan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean bertan elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dira, 19:00etan hasita Gurutze Santuaren plazan (beheko koadro urdinean ikus daiteke jardueren egitarau osoa); hara zapi edo osagai gorriak jantzita joan daitezela eskatu diete lezoarrei. Baina lanketa puntualez gain, azaro osoan luzatu den bat izan da herrian: Horrez gain Iruntzen Lezoko Emakume Taldearekin elkarlanean, indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazio-kanpainak egiten ari dira gazte eta haurrentzako egitasmoetan, hala nola ludotekan, Kuadrillategin eta Faktorian.
Miren Ormazabal zinegotziak dei egin die herritar guztiei aldarrikapenekin bat egin, ekintzetan parte hartu eta elkarretaratzera joateko. “Berdintasuna denon ardura da, Lezon ere argi utziko dugu indarkeria matxistak ez duela lekurik gure kale, etxe edota harremanetan”. Udal ordezkariak eskerrak eman dizkie egitarauaren antolaketan parte hartu duten eragile guztiei.
Azaroak 25. Lezoko egitaraua.
Hilaren 23tik 29ra.
- Kaleetan, dendetan edo balkoietan zapi edo zapata gorriak jartzera deitu dute.
Hilak 25, asteazkena. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna.
- 19:00etan, Gurutze Santuaren plazan, elkarretaratzea eta ekitaldia.
Hilak 26, osteguna.
- 18:30ean, Kultura Aretoan, hitzaldia: Indarkeria matxista eta adineko emakumeak.
Hilak 29, igandea
- 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Melón pelado antzezlana.
