36,5 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak
2027rako proposamenak bi norabideetan ardaztu dituzte: espazio publikoak hobetzen jarraitzea eta herritarren eguneroko beharrei eta gizarte erronkei erantzutea.
Pasaiako Udal Gobernuak 2027ko udal aurrekontu proposamenaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Orotara, 36,5 milioi euroko aurrekontua prestatu du Teo Alberrok gidatzen duen taldeak datorren urterako, “udalerriaren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta datozen urteetarako funtsezkoak diren proiektuetan aurrera egiteko”.
Udal gobernuaren arabera, proposamenak bi norabideetan ardaztu dituzte: espazio publikoak hobetzen jarraitzea eta herritarren eguneroko beharrei eta gizarte erronkei erantzutea. Besteak beste, hirigintza proiektuak, ekipamendu publikoen hobekuntzak, zaintza eta gizarte zerbitzuak, bazterkeriaren aurkako neurriak, kultura eta komunitate bizitza sustatzeko egitasmoak, eta euskararen, berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko politikak sartu dituzte. “Azken batean, Pasaia bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko proposamena da, pasaitarren beharrak udal politiken erdigunean kokatuz”, adierazi du alkateak.
Alberroren hitzetan, “aurrekontua ez da zenbaki multzo bat bakarrik; gure herriaren egunerokoa eta etorkizuna hobetzeko tresna da. Barruti eta auzoak bizigarriagoak egiteko, zaintza eta zerbitzu publikoak indartzeko eta Pasaia komunitate kohesionatuagoa eta biziagoa izan dadin lanean jarraitzeko proposamena da”.
Herri hobekuntzak
Hirigintzari dagokionez, Trintxerpeko Andonaegiko urbanizazioaren bigarren fasea eta garaje eraikinaren lehen fasea nabarmendu ditu udal gobernuak. 3,4 milioi euro bideratuko dira zeregin horietara.
Horiez gain, Trintxerpeko Alkateordetzako behe solairua berritzeko 600.000 euro inbertituko dira, eta Azkuene Goiako baratze parkearen hirugarren fasea garatzeko 298.000 euro. Azkuene Goian ehun baratze publiko inguru sortzea aurreikusi du udalak.
Azkenik, bertakoen txartelik gabe edo baimendu gabeko guneetan aparkatutako ibilgailuak erretiratzeko garabi zerbitzua hornitzeko 15.000 euro aurreikusi dituzte.
Zaintza eta gizarte kohesioa
Pertsona guztien ongizatea eta gizarte kohesioa sustatzeko, Pasaiako, Lezoko eta Oiartzungo Udalek martxan jarritako Kamineroetxe zerbitzuak 147.000 euroko zuzkidura izango du, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroari eusteko.
Bestalde, arrisku egoeran dauden familiei begirako laguntzetarako 20.000 euro eta Migrazio Planeko ekintzak gauzatzeko 80.000 euro bideratuko dira. Haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko planak, aldiz, 63.200 euroko partida izango du.
Komunitatea
Herri bizitza dinamizatzeko eta komunitatearen parte hartzea sustatzeko, lau barrutietako jai batzordeen aurrekontuak %5 handitzea proposatu du udal gobernuak; orotara, 138.000 eurora igoko da partida. Horrez gain, arte eszenikoen eta musika programazioaren aurrekontua %20 handituko da, 120.000 eurora arte.
Gazteriaren arloan, eta familien aspaldiko eskaera bati erantzunez, udalekuak 12 urtera arteko haurrei begirakoak izango dira, adin tartea zabalduz. Kirolari dagokionean, Pasaia Badia Aktiboa indartuko du udal gobernuak, herritarren artean jarduera fisikoa eta bizimodu aktiboa sustatzen jarraitzeko. Gazteentzako jardueretarako 47.200 euro (iaz baino %3,85) eta kirol jarduerak antolatzeko 31.000 euro bideratzea aurreikusi dute.
Euskararen sustapenean sakontzeko, aurrekontu partida %14 handitzea aurreikusi da, 115.000 eurora arte. Berdintasun politiken barruan, indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko lanketak 15.000 euro izango ditu, eta LGTBIQ+ Bizitzak ekintza planak 22.000 euro, iaz baino %19 gehiago.
Azkenik, Luzuriaga eraikinaren etorkizuneko kudeaketari buruz hausnartzeko eta erabakiak elkarrekin lantzeko parte hartze prozesua abian jartzeko, 15.000 euro bideratzea aurreikusi du udal erakundeak.
Elkarrizketarako eta ekarpenak jasotzeko prest
Udal gobernuak oposizioko taldeei helarazi die jada aurrekontu proposamena, eta astelehenean egingo duten bilera monografikoan aurkeztuko dizkiete proposamen eta proiektu nagusiak. Bide horretan, ekarpenak eta proposamen berriak jasotzeko eta dokumentua aberasteko elkarrizketa prozesua abiatuko du udal gobernuak oposizioko taldeekin.
