Euskaltzaleon Plazak euskara erdigunera eramango du asteartean

Euskaltzaleon Plazaren bigarren ekitaldia egingo dute Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta hilaren 24an, asteartearekin.

Euskararen bueltako artikulazio eta saretzea du helburu Euskaltzaleon Plazak, besteak beste.

Euskaltzaleon Plazaren bigarren ekitaldia egingo dute Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta hilaren 24an, asteartearekin. 18:30ean elkartuko dira Joxepa Anttoni Aranberri anitzenearen 3. solairuan. Joan den ekainean egin zuten lehenengo plaza eta orduan hartutako etxeko lanei segida ematera dator plazaren bigarren ekitaldia.

Ekaineko horretan herritarren kezkak jaso zituzten eta kezka horien araberako lau erronka finkatu, eragiteko: euskaratik urrun daudenak, gazteak, gurasoak, eta kontzientziazioa. Lau erpin horietan eraginda nahi diote hauspoa eman euskarari Errenteria-Oreretan.

Bigarren plaza beraz, lehenengo horren jarraipena izango da, hala azaldu du Eneritz Etxaide Elizalde Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko Herritarren Hizkuntza Aktibaziorako dinamizatzaileak, “plaza euskararekiko kezka duten herritarren bilgunea da, baita elkarrekin pentsatzeko gunea ere, eta gure kezketatik iniziatiba berriak sortzea da helburua”.

Bigarren plaza horretan beraz, hori egitekoa, ekainean identifikatutako lau erronketatik abiatuta egi bihurtu daitezken iniziatibak proposatzea eta martxan jartzea, euskararen bueltan, Euskaltzaleon Plazan parte hartuko duten eragile eta norbanakoek egokienak eta eraginkorrenak adostuta.

Lehen plazan baino jende gehiago espero dutela esan du Etxaidek, “proiektuaren bueltan kafe hartzeak egin ditugu herriko eragileekin, kezkak ezagutu eta plazara bertara eramateko, gazteekin lan berezia egin dugu, euskalgintzan hutsunea identifikatu dugulako; aurreko plazan ez genuen lortu gazterik azaltzea eta erantzun ona espero dugu haien aldetik oraingoan, pate hartze zabala”.

Eragileekin aritu dira, ikastetxeekin, norbanakoekin, baina argi esan du gonbidapena zabala dela herritar guztientzat eta parte hartzera deitu euskararekin kezka duen herritar oro.

Astearteko plazan erabakiko dute zein iniziatiba jarriko dituzten martxan herrian, eta horiek antolatzen hasiko dira, “ez dute zertan aste batetik bestera egiteko ekintzak behar, baina komeni da jendeari ezagutaraztea eta jendea lotzen hastea parte hartzeko”. Epe luzekoek ere izan dute tartea proposamenetan; plazan zehaztu eta aukeratuko dira.

Euskararen egoera soziolinguistikoa izan du hizpide Etxaidek, “hizkuntza zapaldua da gurea, erasoak jasotzen ditu etengabe, hori bere horretan bada kezka arrazoi plazan parte hartzeko. Gurera etorrita, egia da Oreretan euskaltzaleon bueltako sarearen falta sumatu dugula, hori ehuntzeko beharra dago. Jakin badakigu euskaltzaleak badirela, euskararekin kezka dutenak, baina euskaltzaleen artikulazio hori falta da, elkarren berri izan eta zer egin daitekeen erabakitzeko”.

Azaldu diren kezken artean, batzuk aipatu ditu dinamizatzaileak, udalerriko kirol elkarteen barruan dauden hizkuntza ohiturak, baita merkataritza eta ostalaritzan daudenak ere.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.