Gaztañoko B Aldapa berrurbanizatzeko lanak esleitu ditu udalak

Lanetara 257.791 euroko aurrekontua bideratuko du udalak eta hamabi asteko exekuzio epea izango dute.

Gaztaño B AldapaHerri Bizia

Gaztañoko B Aldapa berrurbanizatzeko lanak esleitu ditu udalak, Construcciones Otegi Gaztañaga S.L enpresak egingo ditu eta 257.790,91euroko inbertsioa egingo du. Lanak hamabi astean egingo dituzte.

Lanen helburua espazio publikoaren baldintzak hobetzea da, bai bideen egoerari dagokionean, bai bertan bizi diren pertsonen irisgarritasunari dagokionean. Proiektuak aurreikusitakoak auzo elkartearekin adostu ditu udalak. Hori horrela, bide zentrala hobetuko dute lanek: udal zerbitzuak berrituko dira; zehazki, drainatze sistema bat jarriko da, kalea birzolatuko da, eta argiztapena hobetuko da. Jarduketa horiei esker, egun dauden azpiegiturak modernizatu eta espazio publikoaren baldintzak hobetuko direla azaldu du udalak. Era berean, segurtasuna eta erosotasuna areagotuko dute lanek.

Irisgarritasuna hobetuko da lanekin, bestetik.  21 eta 15 zenbakien arteko atarietako sarbideak egokituko dituzte, oinezkoen mugikortasuna hobetuz aldi berean. 

Kontratua formalizatu ondoren, lanen hasierari eta garapenari buruzko xehetasunak emango dituzte. Lanak abenduan hasiko dira.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.