Hotzak badira ere, funtsezkoak dira datuak
Indarkeria matxistarekin lotutako salaketen datuek horren dimentsio erreala ematen laguntzen dute, eta kontzientzia hartzeko lagungarri dira aldi berean. Aurten HITZA-k ez du horiek eskuratzerik izan.
Datuak. Hotzak bere horretan, baina asko-askotan ezinbestekoak arazoei benetako dimentsioa jartzeko. Horrela gertatzen da indarkeria matxistarekin. Hotzak dira datuak, baina aintzat hartzen bada horietako bakoitzaren atzean emakume bat, bizi proiektu bat, edo amets ugari daudela, eta zenbaki izate hutsa babesa ere badela, ez dira akaso hain hotz. Salaketak errealitate oso baten zati baino ez direla era aintzat hartu behar, salatzen ez diren kasu ugari direlako.
2019az geroztik, Azaroaren 25arekin lotutako astekarian indarkeria matxistagatik Oarsoaldeko lau udalerrietan, nahiz Irun eta Hondarribian izandako salaketen kopuruaren berri eman du HITZAk. Datu horiek Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik jaso izan ditu urtero. Aurten, ezin izan ditu Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira argitaratutako astekarian jaso datu horiek, eskatutakoan «datuen zehaztapenik ez dutela» erantzun baitu Segurtasun Sailak.
Ate gehiago jo ditu HITZAk baina ezinezkoa izan da herrikako salaketa kopuruaren berri jasotzea astekari hau egiteko unean.
Atzera urratsa da. Datuak funtsezkoak dira egiturazkoa den indarkeria matxistaren dimentsio erreala ezagutzeko; hortik harago, balio dutelako gertu-gertuan biolentzia anker hori pairatzen duten emakumeak direla mahai gainean jartzeko; balio dutelako, indarkeria matxistaren existentzia ukatu edo gutxietsi nahi dutenen aurrean desinformazioa deseraikitzeko; balio dutelako amorrua, haserrea eta ekiteko gogoa saretu eta kalera ateratzeko. Balio dute prebentzioa landu eta kontzientzia hartzeko, eta batez ere, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei esateko jendartean kezka eragiten duela bizitzen ari diren hori, sinisten ditugula, ez direla bakarrik.
Datuak ez, baina sei herrietako udalen errekurtsoak bildu ditu HITZAk.
Errekurtsoak
• Irun. Emakumeen Etxean, laguntza psikologikoa, aholkularitza juridikoa eta gizarte laguntzako programa. Harrera 08:00etatik 14:00etara. Telefono zenbakia: 943 50 53 58.
• Errenteria-Orereta. Aholkularitza juridikorako zerbitzua Emakumeen Etxean, asteartetan 18:00etatik 20:00etara; autozaintza psikologiko eta sexualerako zerbitzua, Emakumeen Etxean, asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara. Telefono zenbakia 943 44 96 00.
• Pasaia. Laguntza psikologikoa (aldundiaren laguntza psikologikorako programan sartzen ez diren emakumeentzat), egoera irregularrean dauden atzerriko emakumeentzako aholkularitza juridikoa SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, Laguntza programa, laguntza ekonomikoak, eta etxebizitzak (larrialdietarako hainbat plaza). Telefono zenbakia: 943 34 40 34.
• Oiartzun. Aholkularitza juridikoa, hilabetean bi arratsaldez. Telefono zenbakia: 943 49 05 52.
• Hondarribia eta Lezo. Gizarte zerbitzuetatik arreta eta jarraipena, beharren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoetara bideratuz.
• Herri guztietan. Gizarte zerbitzuetatik arreta eta jarraipena, beharren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoetara bideratuz.
