Mantentze eta segurtasun lanak udal eraikinetan
Jarduketen barruan, Andonaegi jauregiko dorretxoaren teilatua berritu dute, eta itogin zahar bat konpondu dute Trintxerpeko HHEren eta ludotekaren eraikinean.
Pasaiako Udalak mantentze eta hobekuntza lanak egin ditu hainbat udal eraikinetan, espazio publiko horiek egoera onean daudela eta erabiltzaileentzat zein horietan lan egiten dutenenentzat seguruak direla bermatzeko.
Musika eskola dagoen Trintxerpeko Andonaegi jauregian dorretxoaren teilatua berritu dute, eta jarduketak egin dituzte haren egitura indartzeko eta euri uren ebakuazioa hobetzeko. Horiekin batera, estalkirako sarbide segurua eta segurtasun sistema jarri dituzte, etorkizunean mantentze lanak berme handiagoarekin egiteko.
Jarduera horietara 40.000 euro inguru bideratuko dituzte, “eta erreferentziazko udal eraikin bat baldintza onenetan mantentzea eta epe luzera haren kontserbazioa bermatzea ahalbidetuko da”.
Musika eskolako jarduketez gain, mantentze lanak egin dituzte Trintxerpeko Helduen Hezkuntzarako Eskolan (HHE) eta ludoteka dauden eraikinean.
Eraikin horretan ura sartzen zen, eta lanen bitartez, itogina konpondu dute. Horrela, eraikinaren egoera hobetzeaz gain, HHEko ikasleek eta ludotekara joaten diren haurrek erabiltzen dituzten espazioen erabilera baldintzak hobetu dira. Eraikinaren barruan ere lanak egin dituzte, iturgintza gela instalazio horietan ematen den ikastaroaren beharretara egokitzeko.
Aipatutako bi jarduketekin, udalak udal eraikinak mantentzeko eta hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta “beharrezkotzat” jo du lan hori egitea, “espazio publikoak behar bezala kontserbatzeko eta herritarrei zerbitzua baldintzarik onenetan emateko”.
