Mindara eta elkartasuna eskutik

Elkartasun azoka antolatu du Mindara elkarteak hilaren 28rako, larunbata; honakoa, zortzigarrena izango du.

Iazko azoka solidarioa.

Mindara elkarteak Azoka Solidarioa antolatu du zortzigarrenez. Hilaren 28an, larunbatarekin egingo dute Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian. Helburua elkartea bera eta dituen proiektu sozialak ezagutaraztea, baita jostailuei eta liburuei bigarren bizitza ematea, jendarte iraunkorragoa sustatuz.

Jasotakoa, Mindara elkartearen alde izango da. Azokan berriz, emandako artikulu sorta zabala: arropa, liburuak, jostailuak, artisautza eta egoera onean dauden beste objektu batzuk. Gune solidarioa izatearekin batera, topagune bilakatu dela jarri dute nabarmen antolatzaileek, “boluntarioek, kolaboratzaileek eta herritarrek Mindara elkarteak egiten duen lana eta ingurunean duen garrantzia lehen eskutik ezagutzen dute”.

azoka egun osokoa izango da, 10:30ean hasi eta 19:30era arte, eta askotariko egitaraua antolatu dute. Txalaparterekin abiatuko dute azoka Errenteriako Herri Arte Eskolako txalaparta ikasleen erakustaldiarekin. Haien erakustaldia bukatuta, azokara gerturatutakoek instrumentua probatzeko aukera izango dute gainera. Herri kirolen txanda helduko da ondoren, 11:30etik 13:00etara, eta erakustaldi bikaina eskainiko dute Lierni Osa eta Maddi Salterain harri jasotzaileek, eta Jakes Iruretagoiena aizkolariak.

Haurrei begirako ekitaldia ondoren (16:45etik 17:30era) haurrentzako panpinekin eta aurpegi margoketarekin Elipsisen eskutik. Haurtzaroko hainbat pertsonai izango dira bertan, eta haiekin argazkiak egiteko aukera ere.

Abestea gustuko eta lotsa gutxi dutenentzat moduko ekintza ere egitarauan: Karaoea. 50 abestiko zerrenda eskainiko dute antolatzaileek eta parte hartzen dutenek gogokoena aukeratu ahalko dute. Indarrak hartzeko, txokolate jatea, ostean (18:00etan).

Azokari ginga jartzeko berriz, eremu horretan egunean zehar salgai izango diren boletoen zozketa helduko da, “kolaboratzaile ugari izan ditugu azokan eta haiei esker balio handiko sariak banatuko ditugu”. Hori egitaraua, eta gainera, egun osoan zehar, zurezko jolasak izango dira Kromosomaren laguntzari esker, baita taberna ere jateko eta edatekoekin.

Mindara elkarteak, herritar guziak animatu ditu bertaratzera eta kolaboratzera, “ekarpen txiki bakoitzak etorkizun justuago eta itxaropentsuago bat eraikitzen laguntzen du aniztasun funtzionala duten pertsona guztientzat”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.