Murrizketarik gabeko autobus zerbitzua aldarrikatu du EH Bilduk

Koalizioak adierazi du aldundiak azaro bukaerarako jendaurrean iragarritako aldaketek ez dituztela urriaren 1etik aplikatzen diren murrizketa guztiak lehengoratzen.

Autobusa San pedron.Pasaiako Udala

Autobusen gaineko aferak hautsak harrotzen jarraitzen du Pasaian. EH Bilduk adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak azaro bukaerarako jendaurrean iragarritako aldaketek ez dituztela urriaren 1etik aplikatzen diren murrizketa guztiak lehengoratzen.

Pasaiako Udalaren eta herritarren eskaerak “argiak eta zehatzak” izan direla baietsi du koalizioak: gutxienez San Pedro, Trintxerpe eta Antxoko herritarrek orain arte zituzten zerbitzuak eta maiztasunak berreskuratzea.

Azaro bukaerarako iragarritako lehengoratzeen artean ospitaleko linea berriz ere Antxon geratzea dago; baina San Pedro eta Trintxerpe Donostiako erdigunearekin lotzen dituen linearen murrizketa guztiak lehengoratuko ez direla zehaztu du EH Bilduk. “Aldundiak jendaurrean iragarri duenez, murrizketak bere horretan utzi nahi ditu astelehenetik ostiralera goizez eta larunbatetan. Egun horretan, autobusaren maiztasuna 20 minutura murrizteaz gain, autobusaren hasiera ordua ere atzeratu egin da, 05:30etik 06:30era”.

Koalizioaren arabera, iragarritako lehengoratzeak “herritarren mobilizazioaren ondorio” dira, eta EH Bilduk mobilizazio hori goratu du. “Urtez urte gero eta eskari handiagoa pilatzen duten autobus lineak dira. Aldaketak egitekotan, zerbitzua indartzeko izan beharko lukete, ez okerragotzeko”.

EH Bilduren hitzetan, aldundiak ez du Pasaia ezagutzen, “eta horregatik proposatzen du lineak berrantolatzea topoaren edo aldiriko trenen ordutegi berriak indarrean sartzearen ondorioz; izan ere, San Pedrotik eta Trintxerpetik ateratzen diren lineetan ezarri dituzte murrizketak”.

“Foru aldundia garaiz dago gure autobusetan urriaren 1etik aplikatu dituen murrizketa guzti-guztiak lehengoratzeko. Horixe eskatu zion Pasaiako Udaleko egungo gobernu taldeak, eta baita 1.800 pasaitarrek ere; eta hori da egin dezakeen gutxienekoa, klima aldaketaren aurrean gero eta bizilagun gehiagok garraio publikoa erabiltzea nahi badugu”, adierazi du EH Bilduk.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.