«Prebentzioa ez da lantzen, eta benetako arazo bat dugu hor»
Prebentzioan jarri du fokua adituak, haren ustez gaztetatik landu beharko litzateke, «arazo sozial bat da, eta gure historian errotuta dago».
Clara Wolfram PerezMendi Urruzuno Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxean indarkeria matxistari aurre egiten ari diren emakumeen taldea gidatzen du Clara Wolfram Perezek. Berdintasunean, sexualitatean eta indarkeria matxistaren prebentzioan aditua da Wolfram. Prebentzioa gazteetatik lantzeko deia eta horretan inbertitzeko eskaera egin du, jarrera matxistak deseraikitzeko.
Indarkeria matxistei aurre egin dieten emakumeen espazioa gidatzen duzu. Ez da erraza izango emakume horientzat urratsa egitea eta parte hartzen hastea, ezta?
Bertaratzen direnerako jada urrats bat egiten ari dira, badakite laguntza eta informazioa jasotzeko beharra dutela eta mugitzen hasi dira. Ohartu dira bizitzen duten egoera latza ez dela jasangarria, eta horri aurre egiteko indarra bilatzen ari dira. Emozionalki txikituta ailegatzen badira ere, gogotsu hasten dira gehienetan. Taldean babes humanoa jasotzen dute, denon artean elkar entzutearen babesa. Baina oztopoak askotarikoak dira, bereziki ekonomikoak, ez baita erraza banantzea ez baduzu beste etxerik joateko; egoera guztiak, gainera, ez dira urruntze aginduekin edo salaketekin konpontzen.
Zer garrantzia du taldeak eta egoera bera bizi duten emakumeek espazioak eta esperientziak partekatzea?
Nire esperientziaren antzekoa bizitu duen batek entzuten didanean ulertuagoa senti naiteke. Enpatia handia dago taldean, elkar sinisten dugu, ez dugu errelatoa zalantzan jartzen, eta partaideen artean segurtasun espazioa sortzen da. Egoera bakoitza ezberdina bada ere, pairatu duten zerbait dute komunean: gizon baten aldetik zapalduak izatea.
Gainera, oso ohikoa da erasotzaileen jokamoldea: emakumeei sinestaraztea beraiek direla jasotzen duten indarkeriaren errudun. Manipulazio handia izaten da indarkeria matxista testuinguruan, emakumeek indarkeria pairatzen dute, baina erasotzaileek beraiei egozten diete ardura. Taldean, zuri gertatutakoa beste baten ahotik entzuten duzunean, ohartzen zara zer nolako zapalkuntza pairatu duzun, gizon horrek nola suntsitu duen zure autoestimua, nola manipulatu edota isolatu zaituen, nola kontrolatua eta zapaldua bizi izan zaren. Hau ez zaizu zuri bakarrik gertatu, besteei ere antzekorik gertatu zaie. Horrela, distantzia bat hartu daiteke bizipenetik, eta ohartu ez zaudela erotuta, ez, egia da, biolentzia pairatu duzu eta ez da zure errua. Eta hitza jartzen ahal diozu pairatu duzun egoerari: hau indarkeria psikologikoa da, edo sexuala, edo anbientala, bikarioa…. Forma asko ditu indarkeria matxistak, eta guk errelato bakoitzarekin banan-banan aletzen dugu. Gauzak izendatzeak laguntzen du norberaren egoera ulertzen.
Taldean babesa dago, aliatuekin zaude, ez zaude bakarrik, eta ez zara hau bizitu duen bakarra.
Oarsoaldeko udalekin batera sortutako espazioa da. Nahikoa da, edo halako espazio gehiago beharko lirateke?
Momentuz dagoen eskaera jasotzea dugu. Ziur aski emakume gehiago animatuko liratekeela beraien herrian izango balute errekurtsoa. Norberaren egoera fisikoaren arabera deserosoa izan daiteke astero herriz aldatu behar izatea taldean parte hartzeko. Izan ere, gaur egun oso helduak diren emakumeak ere mobilizatzen dira, 80 urtetik gorakoak tartean. Batzuk bizitza osoan tratu txarrak pairatu dituzte, baina orain badakite ez lituzketela jasan behar. Beraien adinari, egoerari eta erritmoari egokitutako espazioa beharko litzateke, agian. Zailtasun propioak ere badituzte, batez ere, erabateko dependentzia ekonomikoa eta zaintzeko sentitzen duten betebeharra.
Zein oztopo topatzen dituzte indarkeriatik aldendu ahal izateko?
Etxebizitza oztopo handi bat da. Emakume asko bikotearekin ekonomikoki erabat menpekoak dira, eta egoera larriena agian adineko emakumeek pairatzen dute. Erakundeek ez badute emakumeen bizitza arriskuan ikusten —epaileek edota gizarte zerbitzuek— zaila izaten da administrazio publikoek etxebizitza aukera bat eskaintzea. Dirudienez ez daude nahiko baliabide. Arazo hau ez da udal batena, hemen falta da Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek eskua hartzea, programak eta araudiak sortzea horrelako alternatibak bermatzeko, eta adibidez alokairuzko etxebizitza prezio sozialean erraztea indarkeria pairatzen duten emakumeentzako. Etxebizitza erreserba bat trantsizioa egin ahal izateko eta banandu ahal izateko.
Diputazioak programak sortu ditu emakumeek laguntza psikologikoa eta juridikoa jasotzeko, baina atzerapen handiak izaten ditu laguntza psikologikoaren programak. Duela gutxi emakume batek esan zidan itxaron epea 5 hilabete ingurukoa dela psikologoarekin hitzordua izateko. Krisi unean momentuan, orain, behar dute laguntza hori, atzera ez egiteko, erabakietan konfiantza hartzeko.
Erakundeek nahiko arreta eta tresna bideratzen al dute prebentziora?
Prebentzioa ez da lantzen, eta benetako arazo bat dugu hor. Zerbait egiten bada puntuala izaten da, eta askotan kanpora begirakoa. Prebentzioa gazteetatik landu behar genuke, harremantzeko ereduak landu behar dira: zer den tratu onez harremantzea, zer den norberaren askatasuna eta norberaren intimitatea errespetatzea. Ikasi beharko genuke modu dinamikoan, denboraz, benetan entzutea; eta sexualitatea plazeretik, aniztasunetik eta errespetutik landu beharko litzateke.
Hitzetatik harago orduak eta programak behar dira, zerbait orokortua eta ez puntuala. Gazteek zeozer jasotzen badute saio solte batzuk izaten dira, ez dago planteamendu teoriko-praktiko bat, eta indarkeria matxista zer den ere askotan ez da ondo ulertzen. Hau ez da gaiztoen eta zintzoen kontu bat, hau arazo sozial bat da, eta gure historian errotuta dago. Historia irakasterakoan emakumeen zapalkuntza matxistaz hitz egingo bagenu, beste kontzientzia batekin egingo genuke heziketa prozesua. Baina ez da honetan inbertitzen, eta mezu soilek ez dituzte askotan tresnak ematen jarrera matxistak deseraikitzeko.
