Udaltzainen prestakuntzari buruzko azalpenak eman ditu udalak

Pasaiako Udaltzaingoko hainbat agente Guardia Zibilaren egoitzan prestatu dira. Udal gobernuak txosten tekniko bat eskatu zuen gertatutakoa argitzeko, eta kontrol neurriak iragarri ditu.

Pasaiako Udaltzaingoko hainbat agentek Guardia Zibilaren egoitzan egindako prestakuntza saioen inguruan azken asteotan argitaratutako informazioari buruzko azalpenak eman ditu udal gobernuak. Udaltzaingoari eskatutako txosten teknikoan jasotako informazioa batzorde batean azaldu die udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei, eta ohar bat argitaratu du Teo Alberro alkateak.

Udal gobernuak adierazi du prentsa bidez izan zuela jarduera horien berri. Egoera ezagutu zutenean, barne prozedura bat abiatu zutela jakinarazi dute, gertatutakoa argitzeko: Udaltzaingoaren buruari formazioen nondik-norakoei buruzko azalpenak txosten batean jasotzeko eskatu zion alkateak.

Txosten horren arabera, 2026an hiru saio teorikotan hartu dute parte Pasaiako zenbait agentek Guardia Zibilaren egoitzan: gizakien salerosketaren gaineko saio batean, armen era lehergaien erregelamenduari buruzko beste batean eta pistola elektriko ezgaitzailearen jarduketa eta erabilera protokoloen inguruko hirugarren batean.

Udal gobernuaren hitzetan, aipatutako saioak egun bakarrekoak izan ziren, lau eta bost ordu arteko iraupenekoak, eta ez zuten inolako kostu ekonomorik izan udalarentzat.

Txostenean jasotakoaren arabera, Pasaiako udaltzainek tiro praktikarik egin ez zutela esan du udal gobernuak, ezta pistola elektriko ezgaitzailerik manipulatu ere. Saioek izaera teorikoa izan zutela zehaztu dute, eta ez zutela praktika edo ariketa horiek egiteko jarduerarik barne hartu.

Horrez gain, udal gobernuak argi utzi du ez dagoela inongo hitzarmenik, akordiorik edo lankidetza formalik Pasaiako Udalaren eta Guardia Zibilaren artean prestakuntza horiek egiteko. Udalak berretsi du ez duela inongo diru ekarpenik egin jarduera horiek gauzatzeko.

Prozedura

Udal gobernuak adierazi du txosten teknikoak azaltzen duela prestakuntza jarduera horiek ez direla egungo udal gobernuaren agintaldian sortutako dinamika berri baten ondorio: “Izan ere, dokumentuaren arabera, saileko agenteen prestakuntza ikastaroen kudeaketa Udaltzaingoaren beraren ardurapean egin izan da gutxienez azken bi hamarkadetan, Pertsonal Sailari edo arduradun politikoei jakinarazi edo baimenik eskatu gabe. Jarduera horiek Udaltzaingoaren beraren ekimenez eta antolakuntzaz kudeatu izan dira, aurretik ezarritako funtzionamendu dinamikaren barruan”.

Udal gobernuak argi esan du ez dagoela ados agenteek Guardia Zibilaren egoitzan egindako prestakuntza saio horietan parte hartu izanagatik: “Gobernuak ez zuen jarduera horien berri izan, eta, horren berri izan balu, bestelako erabakia hartuko zukeen”.

Konpromisoak

Sortutako egoeraren aurrean, udal gobernuak baietsi du beregain hartuko duela “prestakuntzen kudeaketan beharrezko kontrol politikoa bermatzeko ardura ezarri izanaren erantzukizuna”. Horregatik, gertatutakoa argitzeaz gain, “etorkizunean antzeko egoerak errepika ez daitezen neurriak hartzea ezinbestekotzat jo du”.

Aurrerantzean, Pasaiako Udaltzaingoak urtero prestakuntza plan bat izango du, eta plan hori pertsonal sailak eta udal gobernuak onartuko dute. Udaltzainburuaren ardura izango da planaren kudeaketa eta urteko garapena. Horrez gain, urteko planetik kanpo sortzen diren prestakuntza aukerak arduradun politikoei jakinarazi beharko dizkiete.

Pasaiako Udalak “gardentasunarekin eta erantzukizun instituzionalarekin” duen konpromisoa berretsi du. Hori dela eta, gertatutakoaren gaineko azalpenak udal organoetara eraman eta iragarritako neurriak gauzatuko ditu.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.