"Gaztañoko B Aldaparen berrurbanizazioa eskari nagusietakoa izan dugu"
Auzotarrei lanek sortuko dituzten eragozpenak pazientziarekin hartzeko eskatu die auzo elkarteak, "ziur gaude emaitzak mereziko duela".
Gaztañoko B Aldapa. Argazkia: Herri BiziaHerri Bizia Urteetan eskaera nagusienetakoa izan duten B Aldaparen berrurbanizazioari ekiteko lanak hasiko ditu epe laburrean udalak, eta balorazio positiboa egin du Gaztañoko Auzo Elkarteak, “auzo elkartearen eskari nagusietako bat izan da urte luzez berrurbanizazio hori. Tamaina eta aurrekontu handiko obra izanik, onarpena eta exekuzioa atzeratzen joan da, baina azkenean onartu onartu eta epe laburrean hasiko dituzte lanak”.
Urtea bukatu aurretik hasiko ditu lanak udalak, hala jakinarazi zuen pasa den astean. Lanak hasi aurretik halere, bilera egingo duela auzotarrekin udalak jakinarazi du auzo elkarteak, “lanen hasiera, iraupena, egindako moldaketa batzuk eta azaltzeko”. Bileraren data ez du zehaztu auzo elkarteak.
Pazientzia eskatu die bizilagunei, “lanek eragindako eragozpenak izango dira: hautsa, zarata, ibilgailuen norabidean aldaketak… baina ziur gaude mereziko duela, auzotarrek seguruago, erosoago, eta politagoa iznago den kale batez gozatu ahalko dugu eta lanak bukatutakoan”.
Auzoaren beharrak eta hobekuntzak bertatik bertara jarraitzen ditueal gogorarazi du bukatzeko auzo elkarteak, eta hori horrela, bizilagunei eskatu diete informazioa emateko, “ezinbestekoak dira auzotarren informazioa eta proposamenak, ondoren guk dagokion udal arloko arduradunei jakinarazteko”. Hori horrela informazioa bideratzeko moduak gogorarazi ditu: auzo lokaleko buzoia da bat; posta elektronikora mezua idaztea bestea (klik hemen), eta azkenik, auzo elkarteko kide batekin harremanetan jartzea.
