Giza eskubideak pantaila handira

Niessen Zinemak izango da azaroaren 30etik abenduaren 5era egingo den Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren V. Jaialdiaren egoitza, eta saio guztiak doakoak izango dira.

Gaur aurkeztu dute jaialdiari lotutako egitaraua. Gaur aurkeztu dute jaialdiari lotutako egitaraua.Herri Bizia

Niessen Zinemak izango da azaroaren 30etik abenduaren 5era egingo den Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren V. Jaialdiaren egoitza, eta saio guztiak doakoak izango dira. Astelehenetik ostiralera, proiekzioak 19:00etan hasiko dira. Larunbateko itxiera ekitaldia, abenduaren 5ean, 18:00etan, sarien banaketak eta film labur irabazleen proiekzioak osatuko dute; horrez gain, lehiaketatik kanpo, Natalia Marín Sancho zuzendariaren Crónica del cansancio lana emango da. Programazio osoa eta informazio praktikoa Jaialdiko gidetan —ohiko tokietan eskura daitezke— eta webgunean, kontsulta daitezke.

Ozzinema Elkarteak antolatu du jaialdia, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Giza Eskubideen Jardunaldien barruan egiten da, eta haien zinema atarikoa da. Sei egunez, dokumentalak sarritan fokutik kanpo geratzen diren istorioetara hurbilduko du publikoa, baita haien atzean dauden testuinguru sozial eta politikoei buruz hitz egiteko aukera eman ere. Filmek esperientzia bakoitzaz harago begiratzera gonbidatzen dute: memoria partekatuan, desberdintasunaren sorburuetan eta komunitateei eusten dieten erresistentzia- eta zaintza-sareetan arreta jartzera.

Aurtengo irudia Maite Rosendek egin du berriz ere; 2025eko Euskadi Literatura Saria jaso zuen, Literatura Lanaren Ilustrazioa kategorian. 

Programazioak memoria, indarkeria eta erreparazioa; desberdintasuna, arrazakeria eta migrazioa; etxebizitza eta osasun mentala; ugalketa-eskubideak, genero-identitatea eta lurraldearen defentsa lantzen dituzten filmak biltzen ditu. Istorioak bizipen zehatzetatik abiatzen dira eta galdera kolektiboekin lotzen dituzte: zer gogoratzen den, nork hitz egin dezakeen, nola zaintzen garen eta zer den eskubideekin bizitzea.

Euskal Herriaren eta Errenteria-Oreretaren presentzia programako sei filmetan ageri da. Lau euskal ekoizpen dira: La fuerza del silencio, Gipuzkoako LuzNorte Films ekoiztetxeak egina; Dark eta biok, Bitart New Media-k ekoitzia; Lutxi eta zuhaitza, Lander Garro errenteriarrak zuzendua; eta Hutsune handi bat, Gattiken-ek ekoitzia, Zumarraga eta Urretxuko memoria lekukotzen bidez berreskuratzen duena. Horiez gain, Anuska Ariztimuño errenteriarraren 3 días, 3 noches eta Jorge Adolfo Freytter irakaslearen auziarekin eta euskal-kolonbiar elkarte baten memoria-lanarekin lotuta dagoen La bodega izango dira ikusgai.

Film horiek, programako gainerakoekin batera, poliziaren eta politikaren indarkeria, ugalketa-eskubideak, droga-mendekotasunak eta HIESA, pertsona transen bazterketa, herri indigenek lurraldea defendatzeko egiten duten borroka, arrazakeria, migrazioak, etxebizitza eta osasun mentala jorratzen dituzte.

Gainerako film laburrak hauek dira: El otro lado (Brasil/Portugal), Una mujer que conocí llamada Yudita (Espainia), Catálogo de uma cidade sem tecto (Portugal), Blanco_roto (Espainia), La casa de Ana (Espainia) eta Arréglame la tele (Espainia). Film luzeen programazioa Les Culpables eta Corren las liebres (Espainia) eta Kaugsankamalla: mientras vivamos (Kolonbia/Peru) lanekin osatzen da.

Bost saiotan solasaldia egingo da, eta Lutxi eta zuhaitza, La bodega, Hutsune handi bat, La fuerza del silencio eta Dark eta biok filmen zinemagileekin edota ekoizpen-arduradunekin hitz egiteko aukera izango da. Edizio honetako epaimahaia osatzen dute Fernando Vaquerizok, Herri Babesareako aktibista eta koordinatzaileak; Dani Grandesek, zinemagile eta ikertzaileak; Garazi Belokik, aktore eta dantzariak; eta Adriana Angélica López Muñozek, Euskal Herrian bizi den artista eszeniko kolonbiarrak.

Kartelean, irudi batek pantailari begiratzen dio; Jaialdian, publikoak osatzen du harreman hori. Bertaratzeak eta ondoren sortzen diren solasaldiek proiekzioaz harago bizirik mantentzen dituzte filmak, eta ikusleen botoa ezinbestekoa izango da publikoaren sariak erabakitzeko. Antolakuntzak herritarrak gonbidatzen ditu saioetara etorri, aretoa partekatu eta zinema, entzute eta topaketaz osatutako aste honetan parte hartzera.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.