LAB: "Azken urteetako erantzunik zabalena jaso du grebak"

Azaroaren 11 Greba Orokorraren gaineko balorazioa egin du LAB sindikatuak, positiboa oso. Sindikatuak emandako datuen arabera 8.000 lagunek hartu zuten parte Oarsoaldeko zein Bidasoko hiru protestetan.

Errenteria-Oreretako manifestazioa. Errenteria-Oreretako manifestazioa.Imanol Saiz Gomez de Segura

A11ko Greba Orokorretik hamabost egunera protestak Oarsoaldean eta Bidasoan izan duen eraginaren balorazioa egin du LAB sindikatuak. Emaitza oso positiboki baloratu du, “erantzuna paregabea izan da, azken urteetako erantzun zabalena jasoz”. 2020tik egindako bosgarren greba orokorra dela, aurtengo bigarrena, ekarri du gogora sindikatu abertzaleak, eta arratsaldez Errenteria-Oreretan, Oiartzunen zein Bidasoan egindako protestetan bildutako jende kopurua ere eman du.

Sindikatuaren arabera, hiru mobilizazio horietan 8.000 lagun mobilizatu ziren; 3.000tik gora Bidasoan, 600 Oiartzunen, eta 4.000 gora Errenteria-Oreretan. Azken horretara batu ziren Lezo eta Pasaiako herritarrak.

Greba orokorrak izan duen erantzunak etxebizitza larrialdiaren tamaina agerian utzi du LABen iritzirako, “baita arazo horrek herritarren gehiengo zabala zeharkatzen duela ere. Izan ere, etxebizitza langileak pobretzeko arrazoi nagusia bilakatu da. Horregatik, LABek langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatzeko borrokatzen du, eta duela bi urte maizterrak antolatzea eta etxebizitza sindikalismoa egitea erabaki zuen”.

Greba Orokorrak bultzada berria eman diola etxebizitza sindikalismoari adierazi du gainera sindikatuak, eta berretsi duela,  lan eremuan bezala, etxebizitzaren eremuan ere, antolakuntza eta borroka sindikala direla langileen aldeko neurriak lortzeko biderik onena.

Etxebizitza larrialdia agerian jartzearekin batera, azaroaren 11ko greba orokorrak lan duina eta gutxieneko soldataren aldeko aldarri ere izan dela  gogorarazi du LABek: “Horregatik, Patronala interpelatzen dugu gutxieneko soldata propioa ezartzeko akordio intersektoriala negoziatu dezan”. Era berean, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari ere eskaera zehatza LABek, “negoziazio hori ahalbidetu eta gutxieneko soldata arautzeko eskumena aldarrikatu dezaten. Etxebizitzari dagokionez, Greba Orokorrak aldarrikatu dituen hiru eraldaketa handiak aintzat hartzea eskatzen diegu Euskal Herriko instituzioei. Hori dela eta, grebaren aurretik iragarritako errondari ekin dio LAB sindikatuak”.

Lan-harreman eta babes sozialerako esparru propioa garatzeko beharra ere aldarri sindikatu abertzaleak, “burujabetza handiagoa eskuratu, langile jendearen alde egiteko. Estatu bietan egingo diren hauteskundeek zehaztuko dute eszenatokia norabide horretan aurrera egiteko aproposa izango den ala inboluzio mehatxuak geldiaraziko dituen herri harresi antifaxista bat ezartzera behartuko gaituen. Nolanahi ere, birbanaketa-politikak bultzatzea funtsezkoa da eta izango da norberekeriari, antipolitikari eta eskuin muturrari aurre egiteko. Krisi sistemikoaren testuinguruan, Euskal Herrian hobeto bizitzeko alternatiba kolektibo bideragarria egon badagoela erakustea da erronka”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.