Soldatan KPIaren eguneraketa egitea eskatuko dute Lezoko udal langileek

Lezoko Udaleko langileek euren soldaten izoztearen kontra, eta KPIaren araberako igoeren aldeko mobilizazio aroarekin jarraituko dute.

Urrian udal langileek egin zuten mobilizazioaren irudia da honakoa.

Lezoko Udaleko langileek euren soldaten izoztearen kontra, eta KPIaren araberako igoeren aldeko mobilizazio aroarekin jarraituko dute. Hurrengo elkarretaratzea ostegunean (hilaren 26an) egingo dute, udaletxearen parean 17:00etan hasita. Isila izango dela aurreratu dute beharginek. Izan ere, 2027ko aurrekontuak onartzeko udalbatza egingo dute ostegunean herriko zinegotziek, eta hori baliatu nahi dute udal langileek euren eskakizunen alde udal gobernua presionatzeko, eta gutxienez 2027ko aurrekontuetan KPIaren araberako %4,5eko soldata igoera kontuan har dadila eskatzeko. Jarraian datozen datuetan oinarritutako agiria emango diete zinegotziei.

Hainbat azalpen eman dituzte, euren jarreraren berri eman asmoz, udal langileek. Datetan hurbilenetik hasita, azaldu dute Espainiako Gobernuak %1,5eko igoera onartu zuela soldatetan, baina horrek ez duela islarik izan udal langileen artean. “Gobernu taldeak 2026rako soldata izoztea aurreikusia dauka eta guk martxoaren 13an soldata igoera aplikatzeko eskaera formala egin genuen. Ebazpenik jaso gabe gaude oraindik nahiz eta, txosten bat jaso dugun esanez igoera ez dutela gauzatuko”, esan dute. Era berean, azaldu dute 2022. urtean, langileen mailaren araberako errebisio baten ondorioz, maila igoera bat jaso zutela, “eta hori bai soldatetan kontsolidatua geratu zen. %3,8 inguruko igoera ekarri zigun langileoi. Igoera, langile bakoitzaren mailaren arabera aldakorra izan badaiteke ere, ehunekotan antzekoa da”.

Euren soldaten egoeraren berri emateko atzerago jo dute udal langileek. Zehaztu dute 2010etik bizitzaren garestitzea edo KPIaren igoera %64,32koa izan dela, baina haiek urte hartatik 2026ra izan duten soldaten igoera %25,23koa izan dela: “Ikusten den bezala, %21,09ko galera metatu da Lezoko udaleko langileen soldatetan”.

Era berean, 2017 eta 2023 urteen artean produktibitate ordainsari moduan ordainketa bakarreko ordainsariak jaso zituztela nabarmendu dute, %1 eta %4 artekoak izan zirelarik igoera horiek. “Gaur egungo gobernu taldea sartu zenean bertan behera utzi zuten produktibitate ordainsari hau, nahiz eta 20’23ko aurrekontuetan sartua zegoen. Gobernu taldeak ez zigun ordaindu inolako azalpenik eman gabe, eta gaur egunera arte ez digute ordaindu. Beraz, 2010etik gaur egunera arte %17,29ko erosmen galera metatua daukagu, goian aipatutako ordainketa puntualez aparte”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.