Lezoko Udala, Kunkanako bazkide laguntzaile
Lezoko energia komunitatearen kide izateaz gainera, energia berriztagarriak sortzegatik hobariak eguneratuko ditu, eta %45eraino irits daitezke.
Kunkana aurkeztu zutenekoa da ondoko irudia, 2025eko urrikoa. Irailaren 29ko osoko bilkuran erabaki zuen Lezoko Udalak, alderdi politiko guztien adostasunarekin, Kunkana Lezoko Energia Komunitateko bazkide laguntzaile izatea. “Udalaren atxikimenduak energia komunitatea indartzen du, eta herritarren, merkatarien, baserritarren eta kolektiboen arteko lankidetza sustatzeko bidean urrats garrantzitsua da”, esan dute Kunkanako kideek. Pozarren hartu dute erabakia komunitateko kideek, “tokiko energia burujabetzaren aldeko lanean erakundeen babesa eta konpromisoa ezinbestekoak direlako”.
Hala, egitasmoarentzat babes handia izateaz gainera, udal erakundea Kunkanako kide izateak energia berriztagarriak sortzeagatik herritarrek jasotzen dituzten hobarietan eragina izango duela aurreratu dute, hobari horiek %45erainokoak izan daitezkeelarik. “Proposamenak jasotzen du autokontsumoagatik Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ) lehenengo hiru urteetan %45erainoko hobaria jaso ahal izatea. Neurri horrek autokontsumoa sustatu eta energia berriztagarrien aldeko herritarren ekimena bultzatu nahi du”, zehaztu dute Kunkanakideek.
Bi instalazio
Kunkanak bi eguzki panel instalazio ditu egun. Bat Pasaia-Lezo Lizeokoa da, 46 erabiltzaile edo parte hartzaile dituena. Bestea, berriena, Gaintxurizketako Torreatzekoa da, 40 partaiderekin abiatu dena: “Baserritarrak, kolektibo zaurgarriak, merkatariak eta Lezoko Udala, besteak beste, dira Torreatzeko partaide. Udalaren parte-hartzeak instalazioaren energia aprobetxamendua hobetzeko aukera emango du. Izan ere, instalazioa martxan jarri ondoren proiektura batu nahi duten bazkideen energia paketeak udalaren partaidetzaren barruan egongo dira bitartean. Horrela, sortutako energia hobeto aprobetxatzea bermatu nahi da, Kunkanaren helburuekin bat egiten duten udal instalazioetara bideratuz, hala nola Aiton-Amonen Borda, Gizarte Zerbitzuak, haurtzaindegia edota Oroitzene AEK Euskaltegia”, zehaztu dute Kunkanatik.
Azaldu dute Torreatzeko erabiltzaileek kontratu eta dokumentuak sinatzera joan behar dutela, eta horretarako bi arreta gune prestatu dituzte (horietara ordutegi horietan joan ezin dutenei eskatu diete Kunkanarekin harremanetan jartzeko):
- Euskalegea bulegoa (Zubitxo kalea, 15)
- Astelehenetik ostegunera, 10:00-1400 eta 16:30-19:30 izango da zabalik. Ostiraletan, berriz, 10:00etatik 15:00etara.
- Kunkana bulegoa (Kultura Aretoan).
- Ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara.
Eguzki panelak baino gehiago
Kunkanak nabarmendu du ez dela soilik eguzki panelak instalatzeko egitasmo bat. Energia komunitatearen sareak mugikortasun jasangarria eta beste energia arloko ekimen batzuk ere sustatu nahi dituela azaldu du. “Horregatik, mugikortasun jasangarriarekin interesa duen edo tokiko energia ereduaren inguruko proiektuak bultzatu nahi dituen edonork Kunkanarekin batera ekimen berriak garatzeko aukera izango du. Kunkana herritarren parte hartzea, lankidetza eta tokiko energia burujabetza sustatzeko sare bat da. Horregatik, herritarrei energia komunitatearekin bat egiteko gonbita luzatzen die”.
