Alerta laranjaren harira, Larrialdi Plana aktibatu du udalak
Gaur 09:00etatik bihar 09:00ak arte izango da indarrean Euskalmetek ezarritako alerta laranja.
Eurite handiengatik ezarri du alerta laranja Euskalmetek. Alerta laranja eman du Euskalmetek gaur 09:00etatik biharko 09:00ak arte prezipitazio iraunkor eta oso ugariengatik. Hori horrela, Larrialdi Plana aktibatu du Errenteriako Udalak. Kantauri isurialdeko zenbait tokitan 24 ordutan metro koadroko 80 litro baino gehiago pila daitezke, zaparrada ertainak botako ditu eta euria iraunkorra izan daiteke. Zaparradak gainera, handiak izan daitezke hainbat tokitan, eta trumoi ekaitzak ere sor daitezke.
Udalerrian urak har ditzakeen eremuak aipatu ditu udalak, kalte materialak eragiten baitituzte euri jasek horietan: Fanderia, Lartzabal, Foru Plaza, Aralar plaza, Madalen, Maria Lezo eta Xenpelar kaleen inguruan bereziki. Alerta laranja dela eta Udaltzaingoak bereziki patruilatuko dituela eremu sentikorrak azaldu du udalak, “gune arriskutsuak seinaleztatuko dituzte istripuak saihesteko edo beharrezkoak diren desbideraketak ezartzeko, baita ibilgailuen eta oinezkoen trafikoari tarte arriskutsuak ixteko ere”.
Gainera, Euskalmet eta SOS Deiak-en sare sozialen bidez informazioa jarraitzeko gomendatu die herritarrei, baita prebentzio neurri zehatzak hartzea ere. Larrialdi kasutan, 112 zenbakira deitzeko ere esan die herritarrei.
Gomendio zerrenda azpiko koadroan kontsulta daiteke.
Gomendioak
Prebentzioko neurriak:
• Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
• Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
• Ahal baduzu, ez hartu autoa.
• Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
• Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
• Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
• Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
• Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
• Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
• Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
• Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
• Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
• Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.
