Atzera egitea ez da aukera bat
Dozenaka lagunek egin dute bat Oreretako Asanblada Feministak deitu duen manifestazioarekin. Mezua argi: faxismoari, feminismoa.
Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunean manifestazio jendetsua Errenteria-Oreretan. Ez dute atzera egingo. Faxismoaren aurrean, feminismoa. Hori gaur arratsean euriteengatik alerta laranja betean Oreretako Asanblada Feministak zabaldu duen mezua. Zazpietan zeuden deituta herritarrak Clara Rangel plazara eta dozenaka dira azaldu direnak eguraldi makurra izanik ere. Bertatik manifestazio laburra Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira deitutako manifestazioak, Agirre Lehendakariaren plazaraino, Linoraino.
Han hartu dute hitza mugimendu feministako bi ordezkarik. Lehenik eta behin Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako bost emakumeei aipu, “Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Indarrez eta goxotasunez beteriko besarkada bero bana haien senide eta lagunei Euskal herriko Mugimendu Feministaren izenean”. Promes egin dute memorian bizirik mantenduko dutela, memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitute, “oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako”.
Abenduaren 11n pausu bat aurrera emango dutela esan dute; Euskal herriko Emakumeen Mundu Martxak memoria eraikitzeko eta instituzioak interpelatzeko ariketa egingo du. Mezu argia horiei, “eraildako emakumeak ere zuen ardura dira”.
Aipamena ondoren udalerrian azkeneko urteetan bizi izan dituzten indarkeria kasuek utzi dieten sufrimendu, zatiketa eta arrastoa, “horietatik ikasketak errepasatzea beharrezkoa da. Izan ere indarkeria darabilten gizonak gure aitak, anaiak, kuadrillakoak eta lagunak dira, maite ditugunak eta egunerokoa gurekin partekatzen dutenak. Eta orduan da nik sinisten zaitut ideia zalantzan jartzen denean, testigantzak zalantzan jartzen hasten direnean”. Justu momentu horretan da , ordea, norberak bere ardurak hartzeko unea jarri du nabarmen mugimendu feministak, “juxtu min handiena dugun momentu horretan. bakoitza gure kokapenetik indarkeriarik gabeko etorkizuna eraiki dezagun, ardura indibidual eta kolektiboa hartzeko unea da”.
Ardura hori amak jasandakoa erdigunean jartzetik hasten dela gaineratu du, ahizpak sinistuz, lagunak babestuz, alabak aske bizi daitezen borrokatuz.
Ez dira garai errazak, horren jakitun dira eta hala adierazi du mugimendu feministak gaurko irakurketan indarkeriak betikotzeko, baita zapalkuntzak ere, egitura guztiak martxan dituela sistema zisheteropatriarkal, kolonial, kapitalistak salatu du eragile feministak, “zapalkuntza gorputzetan, eta lurraldeetan”. Fokua, emakume migratu eta arrazializatuengan, eta sexu genero disidenteengan mugimendu feministak, “kolpatuenak dira”.
Besarkada bana igorri die, munduko hamaila txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume eta sexu genero disidente guztiei, “bereziki Palestinara. Genozidioarekin bukatu!”. Diskurtso arrazistarik ez dutela onartuko feminismoaren izenean, ezta segurtasunaren izenean poliza gehiago behar denaren ideia defendatuko ozen esan dute, “justizia feministarekin sinisten dugu eta hori eraikitzen jarraituko dugu”.
Aliantzak egin eta antolatzera deitu du mugimendu feministak eta askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diotela borrokari argi du, “nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez”.
Instituzioei aipamena berriro, “indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin bukatzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara, anaiadia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka antolatuko gara. sareak sortu eta aurre egingo diegu. Faxismoaren aurrean feminismoa”.
