Faxismoari aurre egiteko, herri argazkia

Orereta/Errenteria Herri Ekimenak deituta, 18:30ean egingo dute gaur, asteazkena, Iztieta auzoko Diputazio Plazan.

Iztietako Diputazio plaza

Oldarraldi faxistaren aurrean, askatasuna lelopean herri argazkia egingo dute gaur. Orereta/Errenteria Herri Ekimenak deituta, 18:30ean egingo dute gaur, asteazkena, Iztieta auzoko Diputazio Plazan.

Deialdiaren zioa ere azaldu dute deitzaileek; Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen testuinguruan Espainiako eskuin muturreko Vox alderdiak ekitaldia iragarri du Errenteria-Oreretan, Iztietako Diputazio plazan zehazki biharko osteguna, “badakigu zein argazkiren bila datozen, eta ez dute topatuko. Faxismoari aurre egiteko, herri argazki erraldoia aterako dugu bezperan”.

Aurretik ere izandakoak dira eskuin muturreko talde horretakoak udalerrian (ikus hemen orduan egindako albistea); 2025eko otsailean izan zen, eta bihar egin nahi duten bezala mahai informatiboa jarri zuten, Zumardian orduko hartan. Manifestazio erraldoia egin zuten herritarrek etorri bezperan faxismoaren kontra eta askatasunaren alde. Aipatzekoa da, alderdi horrek 278 boto paper baino ez zituela jaso Errenteria-Oreretan Legebiltzarrerako 2024an egindako hauteskundeetan.

Orereta/Errenteria Herri Ekimenak gaurko egin du argazki erraldoi hori ateratzeko deialdia, eta herritar guztien parte hartzea eskatu dute. Diputazio plazan argazkia eginda, Oreretako Asanblada Feministak Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira deitu duen elkarretaratzera joango dira; 19:00etan izango da hori, Clara Rangel plazan.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.