Gaitzespenetik harago begiratzeko deia
Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du errenteriako Udalak.
Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna eta Errenteriako Udalak adierazpen instituzionala egin du. Eskaera zehatza udalak: “Dei egiten dugu gaitzespenetik harago begiratu eta nork bere buruari galdetzeko zein den gure zeregina errealitate horren aurrean”.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko “egunerokoan inplikazio aktiboa” behar-beharrezkoa jo du udalak, eta bide horretan “errespetuan” eta “berdintasunean” oinarritutako harremanak sustatzeko, indarkeriari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzeko, isiltasuna haustea diskurtso misoginoen aurrean eta negazionismoari aurre egiteko deia egin.
Indarkeria matxistaren aurrean “jokabide neutralik” ez dagoela jarri du nabarmen gainera, “ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak, edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak”. Hori horrela, urratsa aurrera egitera gonbidatu ditu herritarrak, “entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera. Jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera, erantzukizun peryosnaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik egin ahal izango dugu aurrera gizarte bidezkoago, berdinzaleago, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz”.
Mugimendu feministak Errenteria-Oreretan antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu bestalde, herritar guziak eta konpromiso zehatzak hartu indarkeriarik gabeko udalerria eraikitzen jarraitzeko. Konpromiso horiek beheko koadroan bilduta daude. Adierazpen instituzionala osorik irakurtzeko, egin klik hemen.
Konpromisoak
• Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
• Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
• Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
• Hezkuntza komunitatean eragiten jarraitzea, haur, gazte eta nerabeei zuzendutako formazioa eskainiz, egunero hainbat arlotan jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko.
• Haur eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta haren aurrean esku hartzeko esparru protokoloa indartzea
• Errenteriako III. Berdintasun Planean «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak» ardatzean onartutako ekintza plana garatzen jarraitzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.
• Errenteriako emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoa osatzen jarraitzea.
• Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzea, hartara erreferentziazko gune izaten jarrai dezan —ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez— indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako.
• Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jardutea.
