Hainbat hobekuntza eskatu dituzte denbora luzez, eta zuzendaritzaren erantzunak ezezkoak izan dira. Azaroan hiru egunetan eta abenduan beste hirutan egingo dituzte lanuzteak.
Grebara joko dute Aubert &Duval enpresako langileek, zuzendaritzak haien hitzarmen eskaera hainbatetan ezeztatu ondoren. Azaroan hiru greba egun egingo dituzte, eta abenduan beste hainbeste. Lanuzteak hiru ordukoak izango dira, eta txanda bakoitzean egingo dira, hau da, goizean, arratsaldean eta gauean. Lanbarrenen dago kokatua enpresa, eta metalaren sektorean jarduten dute.
Hainbat hobekuntza planteatu dituzte langileek. Horien artean KPIra lotutako igoerak, hirugarren ordainsaria (urteko soldataren barruan jasoko litzatekeena, ez enpresaren borondatearen araberakoa), arriskugarritasun, toxikotasun eta nekadura plusak onartzea eta aniztasun plusa bost urtetik hirura pasatzea. Adierazi dute orain arte egindako bilerak “hutsalak” direla
“Enpresak haien aldarrikapenak gauzatzeko gaitasun handia duela iritzi diote eta egiten ari zaien mespretxua bidegabea dela uste dute. Hori dela eta, presioa areagotu eta negoziazioei benetazko balioa ematea eskatzen dute”, adierazi du ELA sindikatuak. 25 langile direla iragarri dute, eta horien artean ELAko ordezkari bat dutela.