azaroak 25

Pasaiako Udala: "Indarkeria matxista sistema patriarkalean errotutako egiturazko arazoa da"

Pasaiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien Azaroaren 25aren harira erakunde adierazpena adostu dute.

Gaur Azaroak 25 (A25) da, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Horren harira Pasaiako Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek erakunde adierazpena adostu eta zabaldu dute. Egunari testuingurua eman diote, eta aldi berean udalak hainbat konpromiso egin ditu bere. Hala, gaur Pasaian A25ari lotutako bi ekitaldi egingo dira, Trintxerpen eta Donibanen. Udalak horietara joateko eskatu die pasaitarrei.

  • Donibanen: 19:00etan, Bixi Bixi elkartearen eskutik, barrutiko elizetan hil kanpaiak joko dituzte, auto karabana egingo dute eta udaletxe zaharra argi morez argiztatuko dute.
  • Trintxerpen: Kulturarteko Elkarrizketak saioa alkateordetzan, 17:00etatik 19:00etara, elebitan; 19:30ean, Entre Orillas elkarteak elkarretaratzea deitu du Gernika plazan.

Udalaren adierazpenean jasota dago indarkeria matxista ez dela gertaera isolatuen multzoa, sistema patriarkalean errotutako egiturazko arazoa baizik. “Botere-harreman desorekatuetan du jatorria, eta gure gizartearen esparru guztietan agertzen da, modu eta intentsitate desberdinetan. Horregatik, indarkeria matxistari aurre egiteak haren adierazpen guztiak identifikatzea ez ezik, horiek ahalbidetzen eta iraunarazten dituzten desberdintasun eta egiturak eraldatzea ere eskatzen du”. Bortxa matxista gaitzestetik harago joateko deia egin du udalak, eta horren harira hainbat galdera plazaratu: “Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?”.

Inplikazio aktiboa eta egunerokoa. Indarkeria matxistarekin bukatzeko ezinbesteko jo ditu udalak bi arlo horiek. Indarkeria hori arbuiatzeaz gainera, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sutatzea, eta indarkeria horri eusten dioten jokabideak zalantzen jartzea: “Diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea ezinbesteko dira; indarkeria matxista jasan duten emakumeen arreta, babesa eta erreparazioa bermatzea esparru guztietatik ematea; eta indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea”. Indarkeria matxistaren aurrean neutraltasun eta ekidistantzia jarrerek ez duela tokirik uste du udalak: “Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera. Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerrietako auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko”.

Horren guztiaren aurrean, Pasaiako Udalak hainbat konpromiso hartu ditu beregain. Honakoak dira, hitzez hitz:

  • Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak eta prebentzio-planak garatzea.
  • Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
  • Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarren salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea, arreta integraleko baliabideekin, eta babesa eta erreparazioa ardatz hartuta.
  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, ikuspegi komunitariotik, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
  • Mugimendu feministarekin eta emakume taldeekin lankidetzan, herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxista antzemateko eta horri aurre egiteko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
  • Pasaian emakumeek historian zehar egindako ekarpenak, bizipenak eta memoria berreskuratzeko lana sustatzea, baita LGTBIQ+ komunitateko pertsonen bizitzen historikoa jasotzea ere, haien errealitateak, esperientziak eta ekarpenak herriaren memoria kolektiboaren parte baitira.
  • Herriko espazio publikoak genero ikuspegitik aztertzea eta eraldatzea, emakumeen eta herritar guztien autonomia, segurtasuna eta parte-hartzea bermatzeko; adibidez, Mapa Morea eta Puntu Ilunak proiektuaren bidez.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.