LGTBIQ+ pertsonen bizitzak, dokumentalean

Abenduaren 11ko arratsaldean aurkeztuko dute 'LGTBIQ+ bizitzak' dokumentala San Pedroko Proisan.

2025ean egin zuen Pasaiako Udalak LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa osatzeko ibilbidea, eta horren harira hainbat lekukotasun bildu ziren. Horiekin dokumentala egin du udalak, LGTBIQ+ bizitzak: Pasaiako komunitatearen erretratu kolektiboa izenekoa. San Pedroko Proisan aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa, abenduaren 11n, 19:00etan. Dokumentalaren emanaldiaz gainera mahai-ingurua eta ikuskizuna izango dira.

“Dokumentalaren bidez”, zehaztu du udalak “diagnostikoaren berri eman, eta ikerketan jasotako bizipenak herritarrei hurbildu nahi dizkiegu. Lanaren abiapuntua urteetan isilpean edo ikusezin geratu diren bizitzei eta esperientziei lekua egitea izan da, lekukotasun horiek ere Pasaiako memoria kolektiboaren parte izan daitezen”.

Pasaiako LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa Eihera kooperatibarekin egin zuen udalak herriko LGTBIQ+ pertsonen egoera eta beharrak ezagutzeko eta horiei erantzuteko neurriak diseinatzeko. Ia urtebetez inkestak eta elkarrizketak egin zituzten kolektiboko pertsonekin, herriko elkarte feministekin, kultura eta kirol elkarteekin, udal langileekin eta beste eragile batzuekin. Horren emaitza iazko irailean aurkeztu zen, eta udalaren ekintza plana gidatzeko oinarria da.

Oinarri horren barruan bere egin ditu udalak trans pertsonen errealitateei ikusgarritasuna ematea, komun publikoak eta aldagelak berrikustea, kultur programazioan eta aisialdian LGTBIQ+ artistei eta erreferenteei lekua egitea eta hezkuntza-eremuan LGTBIQ+fobia prebenitzeko neurriak sustatzea.

19:00etan emango dute ikus-entzunezkoa. Jarraian, Gerturatzean gertatzen dena izenburupeko mahai-ingurua egingo da dokumentalean ageri den lagun batekin, Edurne Baztarrika Bilbaorekin, eta Luka Gonzalez Ibarzabalekin. Mokadutxoa jan, eta Bibiana Bakana trabestiak ikuskizuna eskainiko du 22:00etan hasita.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.