'Homing' garaile Pasaiako film laburren festan

Larunbatean eman zituzten 28. Ikuskaren sariak Trintxerpeko alkateordetzan. Publikoaren erantzuna aparta izan da.

Larunbatean bukatu zuen bidea 28. Ikuskak, 2026ko Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak. Hilaren 16tik 20ra eman zituzten lehiaketaren barruko sail ofizialean ziren lanak Trintxerpeko alkateordetzan, eta epaimahaiaren deliberoa, baita publikoarena ere, hilaren 21eko ekitaldian jakinarazi zen: Homing laburrak irabazi zuen sari nagusia, Elizabeth Athertonek eta Hansel Rodriguesek egindakoa.

Lepo bete zen Trintxerpek0 alkateordetza irabazleen berri emateko eta aldi berean horiei sariak emateko ekitaldirako. Sail ofizialeko saioetan, nahiz Ikuskaren osagarri diren beste guztietan ere publikoak erantzun ederra eman du. Hala, ikusleek bi sari emateko aukera izan zuten: bozketa bidezko publikoaren saria Jose Manuel Herraizen Una bombilla en California saritu zuen. Gazteen epaimahaiak, berriz, Trece gatos lana aitortu zuen, David Gasparrena.

Mintzagun saria Ultramarino-k jaso zuen; euskarazko film laburren atala da Mintzagun, eta Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti zuzendariek egindako euskarazko lana onena zela Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek erabaki zuten, aurretik sail horretako filmak ikusi ondoren.

Aktore onenen sariak ere eman zituzten Teo Alberro alkateak bere hitz tartearekin zabaldu, eta Luisma Laboak gidatu zuen ekitaldian. Hala, emakume aktore onenaren garaikurra Estefania de los Santosi eman zioten, Tres mans lanean egindakoagatik (Cristan Sitjaren zuzendutakoa); gizon aktore onena, berriz, Vicente Vergara izan zen Macarena-n egindakoagatik (Nazaret Becak eta Rodrigo Sanchok zuzendutako lana da).

Sari gehiago izan ziren, hainbat ataletakoak. Horiek, honako zerrendan:

  • Animaziozko film onenaren saria: James A. Castilloren El cuerpo de cristo film laburrarentzat.
  • Film labur dokumental onenaren saria: Centro de ayuda-rentzat, Migues Trias de Bes zuzendariarena.
  • Emea eta Askotarikoa saileko film onenaren saria: Inés lanari, Antonio Gutierrez Morenorena.

Segidan, larunbateko irabazleen berri emateko eta sariak banatzeko ekitaldiaren irudi sorta, Pasaiako Udalak HITZAra bidalitako argazkiekin.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.