Alokairuan daudenei diru laguntzak eskainiko dizkie Lezoko Udalak

Ur hornidurari, estolderiari eta zabor bilketaren eta ezabaketaren zerbitzuari dagozkien tasak ordaintzeko izango dira laguntzak. Soilik alokairuan daudenek edukiko dute eskatzeko eskubidea.

Ur hornidurari, estolderiari eta zabor bilketaren eta ezabaketaren zerbitzuari dagozkien tasak ordaintzen laguntzeko diru laguntza jasotzeko izen ematea irekiko du Lezoko Udalak. Abenduaren 1etik 24ra egongo da izen ematea irekia.

Laguntzak eskatzeko, hurrengoa dira baldintza nagusiak:

  • Unitateko kide guztiak diru-laguntzaren xede diren tasak ordaintzen diren Lezoko etxebizitzan erroldatuta eta bertan alokairuan bizitzea.

  • Bizikidetza-unitateko kideetako inork etxebizitzarik jabetzan ez izatea.

  • Unitateko kideetako bat etxebizitzari dagozkion tasen zergaduna izatea, edo gastua zeharka bere gain hartzea.

  • Bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek eta finantza-ondareak ezarritako mugak ez gainditzea.

  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta Lezoko Udalarekin zorrik ez izatea.

Etxebizitza eskuragarritasuna erraztea da laguntza horren helburua. “Izan ere, alokairuan bizi diren pertsonei etxeko gastuei aurre eginez laguntzeko helburua du eta, aldi berean, etxejabe ez izateagatik udal zergetan hobaririk jaso ezin zuten pertsonengana udal iritsi nahi du. Horrela, maizterrek ere udalak eskaintzen dituen onura ekonomikoak balia ditzakete. Horretarako, 20.000 euroko aurrekontua bideratuko du”, adierazi du udalak.

Zenbatekoa?

Baina zenbatekoa izango da diru laguntza? “Bizikidetza unitateko kideen urteko errentaren eta finantza ondarearen arabera zehaztuko da laguntzaren ehunekoa”, azaldu du udalak. Azken ekitaldiko PFEZaren aitorpeneko diru sarrerak hartuko dira kontuan errenta kalkulatzeko. “Horrez gain, zenbait kenkari aplikatuko dira, esaterako, genero-indarkeriaren biktimen kasuetan edota pentsiodunen kasuetan”.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.