Auzitegi Nazionalak txosten gehiago eskatu ditu Gogorzaren kaleratzea erabakitzeko
Europa Press berri agentziak argitaratu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Aitzol Gogorza Errenteria-Oreretako presoaren kaleratzearen gainean erabakia hartzeko beste txosten bat eskatu du. Emandako arrazoia defentsak eta Auzitegi Nazionaleko medikuek egindako txostenetan kontraesanak aurkitu dituela da. Hala, Bilboko epaitegiei txosten alternatibo bat eskatu die. Hirugarren iritzi bat jaso nahi du erabakia hartu baino lehen.
Gogorza gaixotasun larriren bat duen hamar euskal presoetako bat da, eta Basauriko espetxean dago. Nahasmen obsesibo konpultsiboa du, eta hainbat aldiz eraman behar izan dute ospitalera krisiren bat eduki duelako.