Gutuna: "Besteren dominak"
2003an, Udalak Plan Orokorra onartu zuen, Etxebeltz eraiki den eremuan zaharrentzako egoitza bat aurreikusten zen. Plan honek ez zuen gazteentzako eta alokairuzko etxebizitza sozialik jasotzen. Euskal Herritarrok-eko zinegotziek Udalaren aurrekontuari errekurtsoa jarri zioten Lurzoruko Udal Ondarea ez zuelako kontuan hartzen.
2003-07 bitartean Ezker Abertzalea ilegalizazioagatik udaletik kanpo geratu zen.
2007an, behin betiko epaiak Udala zigortu zuen Lurzoruko Udal Ondarea kontuan ez hartzeagatik, 3.600.000 € inguru horretarako jartzera behartuz. Orduan, alkatearen eta EAE-ANVko zinegotzien arteko negoziazioa hasi zen. Zinegotzi abertzaleek, besteak beste, ondoko proposamenak jarri zituzten mahai gainean: gazteentzako eta alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea. Azkenean, udalbatzarrean aho batez onartu zen akordioan zera jaso zen: zaharren egoitzaren ordez gazteentzako alokairuzko apartamentuak eta, beste aldetik, alokairu sozialeko 27 etxebizitza eraikitzea.
2008an Udalak Plan Orokorrean beharrezko aldaketa egin zuen.
Beraz, 2003ko Plan Orokorrean PSOEk ez zuen gazteentzako etxebizitza sozialik aurreikusi, ezta alokairu sozialekorik ere. Jakina, akordioaren ondoren, alkateari egokitu zitzaion izapide guztiak egitea.
Hamahiru urte pasatu eta gero, gazteen apartamentuak ikusi ditugu Etxebeltzen. Alokairu sozialekoak ikusiko dugu noiz bihurtzen den errealitate. Hala ere, berandu dabiltza, egungo egoera ekonomikoak okerrera jo baitu eta sektore gehiago eragiten baitu. Beraz, ez da onargarria etxebizitza sozialik jasotzen ez zuen Plana hainbeste defendatu eta aurrera eraman nahian dabiltzan pertsonek besteren dominak jartzea.
Santi Angulo Martin, Orereta