Bizitzak ederra izaten jarraitzen du
KALE KANTOITIK
San Joan goizaldeak ke usaina dario aurten ere. Ederra da urteko egun luzeenaren lehen eguzki printzetan, bazterrak esnatzen ari diren une horretan, gain batera igo eta artean haranetatik igotzen diren ke multzoei begira egotea. Arnasa sakon hartu eta bazterrak blaitzen dituen ke usaina barrura sartzen uztea. Su magikoaren usaina darion esnatzen ari den munduari so, zentzumenen bideetatik barrena erraz irits daiteke barruko bakea bizi den lekuraino.
Aurten, San Joan bezpera gauean, bi kandela txiki piztu ditugu etxeko leihoan. Sugar txiki haiei begira –San Joan surik ez eta nonbait erre behar kiloka pilatu diren energia txarrak–, tupustean bizitza zenbat aldatu zaigun pentsatzen aritu naiz, zenbat galdu dugun; guk, guztiahaldunak ginela uste genuenok, zoritxarrak eta tragediak besteen ataritan soilik itxaroten dutelakoan geundenok.
Gurekin bizi diren mila milioika birusen artetik bat gure aurka oldartu da. Ez du bereizkeriarik egin aberats/behartsu; itsusi/polit; mehe/lodi; zuri ala beltz artean. Denak ditu gustuko.
Birusari gure zaharrak ezkutatu dizkiogu, garai batean gure jakinduria zena, eta gu geu ere, arriskua pasa bitartean, gure etxeetan ezkutatu gara birusak ikusi eta kutsa ez gaitzan. Kontua imagina genezakeena baino luzeago doa, ordea, eta ohartzen ari gara, akaso, irudikatu genituenak baino gauza gehiago galdu ditugula.
Antza, esaera zaharrari birusak hitzen ordena aldatu dio, eta «Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau» esaten zuen lekuan, urrutiko intxaurrak lau gerturatu eta hamalau esaten du orain. Izan ere, agintariek esaten ari zaizkigunetara hurbiltzen garenean, esandakoak baino gehiago direla ikusten dugu. Horrek balio du kutsatu eta hildako kopuruetarako eta kutsadura fokuetarako ere. Astelehenera, hauteskunde biharamunera, iristen garenean ikusiko dugu, akaso, zenbat diren ezkutatu zaizkigun intxaurrak. Egon ziur lau baino gehiago izango direla!
Orain arte bertan behera geratutako festen oihartzunak urrunekoak ziren, baina horiek ere gerturatu dira. Dagoeneko, gure bailaran, lezoarrek, pasaitarrek, eta irundarrek badakite zer den festarik gabe geratzea.
Laster oreretarron txanda izango da. Aterako ote dituzte Maialen, Xanti eta Madalenaren irudia herrian barrena bueltatxo bat ematera, sikiera! Zenbat txiki geratuko dira beren txupetea erraldoiei eman ezinik…
Uste duzunean erantzun guztiak badakizkizula hor dator bizitza eta aldatzen dizkizu galdera denak.
Neurri horretaraino gara hauskorrak, ez gaitezen engaina. Mundua leku arriskutsua bihurtu dela sentiarazi digute. Hala zen aspaldi haurrentzat, zaharrentzat, gaixo daudenentzat, lan prekarietatean eta jendarte bazterkerian bizitzera kondenatu ditugunentzat, ahul direnentzat, azken batean.
Asteburu honetan Aranjuezen (Madril, Espainia) izan naiz. Bizitza bera ere ihes egin nahian dabilela dirudien estepa hartan ikusi dut ilargi bete eder bat ateratzen. Basamortuaren erdian, denetik urrun zutitu zuten kartzelaren murru artean, ito nahi izan zituzten maitasuna, duintasuna, itxaropena, askatasuna, bizitza bera, finean.
Birusak ere ez du aldatu ankerkeria. Ilargiari begira, baina, txikitu aurretik han barruan jaioko den Maddik belarrira xuxurlatu dit baietz, hala ere bizitzak ederra izaten jarraitzen duela.
Zaindu zaitezte eta zaindu ezazue asko. Osasuna eta askatasuna denentzat!