Burbuilak
Bizitza urteetan, ikasturteetan edota bizitza faseetan ordenatu ei da, norbaitek zure bizitza kontatzeko eskatzen dizunean, behintzat. Orden ohikoena haurtzaroa-gaztaroa-helduaroa izaten da, nahiz eta mugak oso lausoak izan daitezkeen: gehienentzat DBH bukatzean bukatuko da haurtzaroa eta nerabezaroa, eta orduantxe hasi gaztaroa, tabernara sartzeko aski autoritate duzunean. Gero eta lausoagoa da, ordea, bigarren etapako tartea, etxepropioa-ezkontza-umea hirukia osatzerakoan igarotzen zen lehen bat helduarora, zorionez, egun baditugu hiruetako bat ere betetzen ez dituzten heldu erreferenteak. Bizi izandako etxeen bidez, lanbideen bidez, izandako autoen bidez edota bikote ohien bidez ere ordenatzen dute batzuek bizitza. Esango nuke ni gazteegia naizela oraindik nire bizitza zein etapatan banatuko nukeen modu original batean pentsatzeko.
Ez dakit burbuiletan bizi daitekeen bat, burbuilatik burbuilara lotura gutxiegi egon daitekeelako, ez bada norbera. Baina martxoa burbuilez bete zaigula esango nuke, komunitate burbuilez nahi bada, eta burbuilak lehertzerakoan, aje edota erresaka emozionala deiturikoa etortzen da, horrela iritsi zaigu apirila.
Martxoaren zortzi bakoitza burbuila bat izan ohi da, egun bakarra izanagatik ere. Urtero ezberdina da, baina urtero markatutakoa. Aurtengoan, ordea, azaroan egin zuen eztanda euskal feminismoak nire ustez, eta jada burbuila erdi kraxkatuta zegoen martxoak zortzi betetzerako.
Irundik Baionara, tartean 2.700 kilometro egin dituen Korrika izan da martxoko burbuilarik handiena akaso. Oiartzungo plaza beteta ikustea, Aritxulegirako maldetan arnasestuka ibiltzea, Kanbon korrika hasi eta nahi gabe herri ezezagun baten atarian amaitzea, edo Baionako azken eguzki printzak eta emozioa kabitzen dira bertan. Baita egunero zuzenekoarekin batera gosaltzea —bakarrik baina inguraturik sentitzen da bat horrela—, ohera sartu aurrez berriro begiratzea non dabiltzan, eta nahi gabean 50 kilometro egitea pantailaz bestalde, lekukoaren gorabeherei begira. Zoroek eta zozoek kantari jarraitzen duten bitartean, etengabean lehertzen eta etengabean eraberritzen doan burbuila izango da Korrikarena.
Lezoko teilatuetatik udaberria lokatz artean loratzen dela ikusi genuen. Milaka gazte independentista elkartu ginen bertan eta bi egunez eraiki nahi dugun herriaren zimenduak ikusi eta bizi genituen. Ederra da hain bizi sentitzea herri bat, hain bizi komunitate bat, eta batez ere, borondatezko lan militantearen loraldiak ikustea. Horrelakoetan bigarren lerroan egoten ere ikasi behar da, eta aurtengoan udalekuetako sindrometik gabe itzuli naiz etxera, pozik berdin-berdin; animo asko ia hamabost egun geroago ere jendez inguraturik lo egin eta gosalduko zenuketen utopiko horiei. Horixe da herriarendako poesia.
Apirilaren 21 gauean askatu beharko dugu beste burbuila bat. Beteko dira hautetsontziak, eta nahiko nuke ametsak ere beteko balira. Emaitzen baitako ajeak sortuko dira, ospakizunen baitakoak batzuentzat, baina erresaka horrek ziur lanean jarraitzeko gogoz utziko gaituela.
Ez dakit herri bat burbuilatik burbuilara eraiki daitekeen, baina badakit horrelako burbuilak beharrezkoak direla. Esango nuke gutxiegitan uzten diodala gorputzari sentitzen, buruak azkar lehertzen dituela nire burbuilak, baina zeinen ederra den tripetatik sentitu eta bizitzea bera. Aje emozionalei aurre egiteko burbuila gehiago behar ditugu.