Gure esku dagoena
Oreretarrok hitzordua dugu igandean, eguerdiko 12:00etan, Arbizun (Nafarroa). Egun horretan, herriek eta pertsonek erabakitzeko duten eskubidearen alde gaudenok Durangotik Iruñearaino marraztuko dugun 123 kilometroko katean, 85. eta 86. katebegiak osatzeko ardura dugu, hain zuzen.
Arbizu, Beriain mendiaren oinetan dagoen Sakanako herri koxkorra da. Gaindegiaren —Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia— arabera, 1.099 biztanle ditu.
Txistorragatik egingo zaizu ezaguna, akaso. Izan ere, Arbizun egiten den txistorrak sona handia hartu du. Bartzelonako Euskal Etxean, eta inguruko hainbat tabernetan, esaterako, Arbizuko txistorra dute iragarrita barretan. Ezaguna da ere, Sakanako beste hainbat herrirekin batera, etxeetako balkoietan erakusten dituzten lore ederrengatik.
Hala ere, beste arrazoi batengatik aipatu nahiko nuke: historiako liburuek diotenez, duela 200 urte, 1813an zehazki, gertatutako pasadizo batengatik. Garai hartan, Europa osoa gerrak hartua omen zegoen. Frantziako gudarosteak, Jose Bonaparte buru zuela, porrota itzela jasan zuen Gasteizen. Handik Iruñea aldera ihesi zihoala, ekainaren 23an, Arbizura iritsi zen bidean topatu zuen guztia txikitu eta suak kiskalita utzirik.
Arbizuarrek basora ihes egitea lortu zuten, zituzten ondasun eta azienda apurrekin. Frantsesek ez zuten gupidarik izan, su eman zioten hutsik aurkitu zuten herriari. Iruñea aldera jarraitu zuten bere bidean terrorea eta samina zabalduz.
Joaten ikusi zituztenean, herrira itzuli ziren. Arbizuko 45 etxe suak hartuak ziren ordurako: ez zeru eta ez lur geratu ziren herritarrak. Sugarren gorritasunak soilik argitzen zuen gaua ekaitza izugarri bat lehertu zenean Sakanan. Erauntsi harek gelditu zuen Frantsesek piztutako sua bere bide suntsitzailean, eta zapar hari esker ez zen guztia birrindu. Laster jarri ziren martxan herritarrak. Bizirik irauteko indarraz, auzolanean batu zen herri osoa eta denen ahaleginez, eskuz esku, herria berreraikitzea lortu zuten.
Gertakari hura bizitu zutenen ondorengoek ez dute ahaztu beren aurrekoek egin zutena, eta utzi zieten ikaspena. Horregatik, iazko ekainean, Arbizu antzeztoki hartuta, antzerki baten bidez erakutsi zuten han zer gertatu zen, nola batasunari eta auzolanari esker aurrera egiteko gai izan ziren.
Hunkigarria eta ziraragarria izan zen arbizuarrak gertaera haiek guztiak antzezten ikustea, nor bere paperean. Haurrak, gazteak, helduak, nagusiak, jaioberriak… Ez zen inor falta han. Ihesa, sua, dolua, berpiztea, guztia antzeztu zuten gaua suaren garrek soilik argitzen zuten XXI. mendeko Arbizun. Amaieran, herritarrak kalean barrena basotik zetozela, kantu bat zabaldu zen herrian. hala zioten:
Herriko eskuekin/ sortutako denak/ sekula santan/ galduko bizia/ Denon ihesak/ ekarriko indarra/ zerotik hasteko sortzen herria.
Etorkizuna erabakitzeko libre izango den herria sortu nahi dugu guk ere. Horregatik, oso garrantzitsua da igandean Arbizura joan, ezker-eskuin besoak luzatu, eta albokoari eskua emanez Durangotik Iruñearako katea osatzeko katebegi bihurtzea.
Nire eskuei begiratu diet. Esku ahurra eskuin-ezker, goi-behe doazen marrez josita ikusten dut. Hor omen dago idatzita nire etorkizuna, nire patua. Non ote dago idatzita herriena?
Euskal Herriari marraztuko diogun marrak zerikusia izango du herri honen etorkizunarekin, erabakitzeko eskubidearen bidean arrastoa egiten duen heinean. Guztien eskuekin idatziko dugun marra horretan puntutxo bat izan nahi dut, dudarik gabe. Arbizuarrek duela 200 urte herriko eskuekin sortutakoak bizia galdu ez duen bezala, biziko da gure herria… Ederra izango da igandean zuekin denekin topo egitea Arbizuko plazan!